Sabino Arana Fundazioak eta hainbat memoria-elkartek, tartean Elgoibar1936-k, hartu zuten parte Elgoibarko Udalak urtero antolatzen duen omenaldi ekitaldian. 2013an antolatu zuten estreinakoz omenaldi hau, eta geroztik, irailaren 21aren bueltan egin izan da beti, egun horretan sartu zirelako tropa frankistak Elgoibarren, 1936an. Bi helburu ditu omenaldiak: batetik, soldadu haiek egin zuten sakrifizioa aitortu, eta bestetik, memoria historikoa egitea, bizikidetzarako eta adiskidetzarako bide gisa.
Parte hartu zuten ordezkariak eta herritarrak Aiastiako frontoian elkartu ziren atzo, 11:00etan, eta handik Zirardamendira joan ziren oinez. Sabino Arana Fundazioko historialari IƱaki Goioganak soldaduok eginiko sakrifizioa gogora ekarri zuen, euskal gudari gazteak lurperatu zituzten hobi komunen parrera ailegatu zirenean.
1936ko irailaren 25an Arana Goiri batailoiko hamalau euskal gudari hil zituzten Zirardamendiko frontean, Mola jeneralaren tropen kontrako borrokan: Jose Txintxurreta, Paulino Beraza, Juan Zabala, Blas Larrazeleta, Ambrosio Etxebarria, Felipe Elorriaga, Sabin Atutxa, Emeterio Llavori, Eusebio Gaubeka, Juan Agirre, Imanol Etxebarria, Marcelino Gandarias, Miguel Palacio eta Felix Arbulu. Elgoibarko memoria historikoa berreskuratzeko herritarrek sortutako Elgoibar1936 taldeak, Ahaztuen Oroimena Markinaldeko Frentea 1936 taldeak eta Aranzadik elkarlanean atera zituzten lurpetik 2012. urtean 1936ko gerran Frankoren tropek fusilatu eta auzokoek Zirardamendin ehortzitako lau gudariren arrastoak.