Berriro ere plazara eraman dute pentsio publiko duinen aldeko aldarria

Barren.eus 2023ko ira. 18a, 12:26

Udako etenaren ostean, Hego Euskal Herriko 75 bat herritan abiarazi dituzte pentsio publiko duinen aldeko protesta ekitaldiak. Elgoibarren gaur eguerdian irten dira plazara.

Aurrerantzean ere Kalegoen plazan egingo dituzte elkarretaratzeak, hileko lehen eta hirugarren astelehenetan, 12:00etan. Gainera, gaur egin duten elkarretaratzera batutako lagunek erabaki dute bilera bat egitea, urriaren 2an, Kultur Etxean, 12:00etan. Horrez gain, aipatu dute Jubilatuen Biltokiko arduradunei eurekin batzeko eskatuko dietela. "Orain dela hiru urte bildu ginen Jubilatuen Biltokiko zuzendaritzakoekin, baina nahiko gaizki irten zen bilera hura eta berriro batzeko eskaera egingo diegu orain, zuzendaritzan sartu den talde berrikoei", esan dute.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak adierazi du udako etenaldiaren aurretik zituzten eskaerekin jarraituko dutela aurrerantzean ere. Mobilizazio hauek beraien helburuak lortzeko bermea izaten jarraitzen dutela esan dute, eta horrela egiten jarraituko dutela.

Hauteskundeak izan diren arren, pentsiodunen arazoak ez direla desagertu salatu dute. "Bizitzaren kostuaren igoerak izugarri okertu ditu gure bizi baldintzak. Prezioen igoerak gero eta zailago egiten digu elikadura osasuntsua eta sendagaiak eskuratzea, mugikortasuna eta tenperatura egokia bermatuko dituzten bizitegi-baldintza duinak izatea, mendekotasuna artatzeko zerbitzu soziosanitarioak eskuratzea, eta abar".
Datutan, esan dute, iazko abuztutik bakarrik, %11 igo dela erosketa-saskia. Igoera horri azken bi urtekoak gehituta, salatu dute pentsioen eta soldaten erosteko ahalmenaren “galera onartezina” eman dela. "Nola mantendu eta hobetu daitezke gure bizi-baldintzak gutxieneko pentsioa 743 eurokoa bada eta 167.718 pentsiodun, bereziki emakumeak, EAEn eta 51.306 Nafarroan 1080 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte?".
Aldi berean, bankuek, konpainia elektrikoek eta ez-finantzetako enpresa handiek mozkinen errekorra hautsi dituztela gogoratu dute. "·Aberastasunaren banaketa desberdinarekin jarraitzen dugu, soldata eta pentsioak murrizten dituena, enpresa handien emaitzen kontua hobetzeko eta gobernu berriak horren inguruan zerbait egin behar du".
Hori dela eta, pentsiodunek kalean jarraituko dute honakoa eskatzen:

  • 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, hurrengo gobernuaren berehalako konpromiso gisa, 2023ko urtarrilera arteko atzeraeraginezko ondorioekin.
  • EAEn eta Nafarroako hurrengo aurrekontuetan pentsiodunen gutxieneko diru-sarrerak 1.080 eurora osatzea.
  • Aurtengo abendurako pentsioen erosteko ahalmenaren galeragatiko konpentsazio-ordainsaria berrezartzea. 2013tik (pentsioen erreformaren indarraldiko lehen urtetik) 2018ra, pentsiodunek erosteko ahalmenaren %2,8 galdu zutela adierazi dute, eta 2019tik 2022ra, %6 galdu zutela. "Guztira, %8,8 da. 2023an KPI-a %4tik gora amaitzen bada, %4 baino ez dugu berreskuratuko", azaldu dute.

Horrez gain, pentsioetan dagoen genero arrakalarekin amaitzea nahi dute, hori lortzeko konpentsazio bat ezarriz eta alarguntza-pentsioa oinarri arautzailearen %100eraino hobetuz.

Azkenik, 1.500 eurotik beherako soldatetan, soldataren eta pentsioaren %90etik gorako ordezkapen-tasa bermatzea ere eskatzen dute; beste soldatetan, %80koa izatea aldarrikatzen dute. "Gaur egun, bataz besteko soldaten tasa %72,3koa da, eta hori astungarria da".

2023 09 18 pentsiodunak elkarretaratzea elgoibar BARREN 1
2023 09 18 pentsiodunak elkarretaratzea elgoibar BARREN kalegoen

2023 09 18 pentsiodunak elkarretaratzea elgoibar BARREN 2

2023 09 18 pentsiodunak elkarretaratzea elgoibar BARREN