Mayi Mujikaren Soronea-Ammma nagusi kluben arteko Trail Running-eko Espainiako Txapelketan

Barren.eus 2023ko ira. 20a, 10:57

Soriako mendietan jokatu zuten Desafio Urbion lasterketak kluben arteko Espainiako Txapelketa jaso zuen, eta euskal talde bat urrearekin egin zen: Soronea-Ammma; urte hasieran Tolosan sortu zuten trail taldea.

Bost kidek osatu zuten taldea eta horietako bat izan zen Mayi Mujika, Larraitz Etxebeste, Larraitz Aragon, Nerea Iturriaga eta Sara Peñarekin batera. Mujika izan zen taldeko azkarrena, laugarren postuan sailkatuta. Oihana Kortazar beteranoak irabazi zuen lasterketa, 37 kilometro eta 2.600 metroko goranzko desnibela zituen ibilbidea 4:33:51ko denboran osatuta. Alpino Benalmadena taldekoak sailkatu ziren bigarren postan eta C.D. Deportes Olimpo taldekoak hirugarrengo postuan. Gizonezkoetan Alain Santamaria izan zen azkarrena, eta Alpino Benalmadena taldea izan zen irabazlea.

Mendi lasterkariak Laguna Negra Natur Parkean eta Urbioneko zirku glaziarrean barrena aritu ziren antxitxika, Soriako mendietako paraje ikusgarrietan.