Domina uzta oparoa eskuratu zuten Euskal selekzioko mendi korrikalariek. Taldekako sailkapenean urrezko domina lortu zuten emakumezkoen kategoria absolutuan eta zilarrezkoa gizonezkoenean. Gazteen kategorietan ere nabarmendu ziren, gizonezkoen promesa mailan urrea irabazita, eta brontzea gizonezkoen jubenil eta junior mailetan.
Eneko Etxaniz elgoibartarra izan zen jubenil mailako euskal selekzioa osatu zuten antxitxikarietako bat eta podiumaren hirugarren koxkara igo ziren. Etxaniz pozik da lortutako emaitzarekin eta egin zuen lasterketarekin. Hamabigarren postuan sailkatu zen. Aurten bigarrengoz jaso du euskal selekzioaren deia eta selekzioaren koloreak soinean eramatea eta herria ordezkatzeko ohoreari "merezi adinako erantzuna eman" diola adierazi du. "Postuak gainditzen dituen sentimenduekin itzultzen gara, beste behin taldekide ta lagunetaz harro, eta asko ikasita, bizita ta beteta". Lander Azpiazu entrenatzailearekin azken hilabeteetan egindako entrenamentuei ere aitortza egin die Etxanizek. Probako antolatzaileek, eguraldi iragarpena ona ez zela-eta, ibilbidea laburtzea erabaki zuten korrikalarien segurtasunagatik. Hala, kilometro bertikal bikoitzaren ordez, kilometro bateko desnibela zuen ibilbidean lehiatu ziren: Collaradako tontorrean amaitu ordez, Acharren izan zuten helmuga.
Elgoibarko Casa Astigarraga trail taldeko kidea den Pablo Egizabal elgetarrak ere hartu zuen parte Vilanuan jokatutako txapelketan, eta hirugarren postuan sailkatu zen. Era berean, Pabloren anaia den Martin Elgezabal Nafarroako Bertikalen Txapelketan lehiatu zen, Uharte-Arakilen egin zuten Beriango Kilometro Bertikalean, eta txapeldunordea izan zen junior kategorian, 51:28ko denborarekin.
Sailkapen guztiak HEMEN