Bigarren urtez jarraian martxan jarriko duten programa honek, iaz moduan, 6 eta 21 urte bitarteko haur eta gazte desgaituei kirol jarduera egokituetan parte hartzeko aukera eskaintzen die. Elgoibarko Udalak antolatu du, Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioarekin lankidetzan. Antolatzaileen esanetan, parte-hartzaileei kirol-esperientzia inklusiboa eta aberasgarria eskaintzea da helburua. "Ekimen honen helburua da Elgoibarko haur eta gazteen artean kirol egokituaren inklusioa eta gozamena sustatzea, trebetasun fisiko, sozial eta emozionalak garatzeko aukera paregabea eskainiz, laguntza eta dibertimendu giro batean", adierazi dute.
Erabiltzailek hainbat kiroletan aritzeko aukera izango dute, bakoitzaren beharretara egokitzeko eta "kalitatezko kirol-esperientzia eskaintzeko" diseinatua dagoen programaren barruan. Gainera, astean behin aretoko jarduera batean parte hartzeko aukera izango dute, Olaizaga kiroldegian.
Urritik aurrera bi taldek ekingo diote programari:
- Lehen Hezkuntzako taldea: astearteetan, 17:00etatik 18:00etara, Olaizaga kiroldegian.
- Bigarren Hezkuntzako taldea: astearteetan 18:00etatik 19:00etara Olaizaga kiroldegian.
• Pala egokitua
Berrikuntzak ere iragarri dituzte, pala egokituan aritzeko saioak adibidez. Taldea osatzen badute eguaztenetan arituko dira palan, Ikastolako frontoian, 19:00etan. Izen-emateak irailaren 26ra arte egongo dira zabalik.
- Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu 943 462 514 telefono zenbakira edo idatzi multikirola@gkef-fgda.org helbide elektronikora.