Itziar Ajuria Ikastolako lehenengo andereñoa izan zenari eman diote aurten Lila Saria

Barren.eus 2023ko ira. 21a, 18:20

Elgoibarko Ikastolari hasiera eman zion lehen andereñoari, joan zen ekainean zendu zen Itziar Ajuriari eman diote Lila Saria.

Elgoibarko Udaleko Berdintasun Sailak Lila Saria sortu zuen iaz, udalerriko bizitza sozial, hezitzaile, politiko, ekonomiko, kirol eta kulturaleko edozein arlotan emakumeen eta gizonen arteko eskubide eta aukera-berdintasuna sustatzen lagundu duten pertsona eta erakundeek egindako lana aitortzeko. Aurtengoan Itziar Ajuria Ikastolako lehenengo andereñoa izan zenarentzat izan da aipamena. Gaur arratsaldean egin dute sari banaketa ekitaldia, Lilaren bigarren urteurren jaiaren barruan. Lila saria banatzeaz gain, Esti Curiel aktore zumaiarrak '35 huts' antzezlana anteztu du.

Aurten bost hautagai izan dira lehiaketan, guztiak ere herriko pertsona edo erakundeek proposatutakoak. Epaimahaia Lilako Mahaiko bi kidek, Berdintasun Saileko teknikariak, Berdintasun Arloko arduradunak eta alkateak osatu dute.

Arratiako Ubide herriko Anbe baserrikoa zuen aita Itziar Ajuriak, eta debarra ama, eta umetan etorri zen Elgoibarrera. Eskola publikoetan 15 urtera arte ikasi eta gero, familiako jostundegian egin zuen lan 38 urte bete arte. Ondoren, Banco de San Sebastianen hasi zen lanean, letrak kobratzen, baina banketxeak berak kanporatu egin zuen gero, emakume batentzako lana ez zela iritzita. Baina euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lanagatik izan da bereziki ezaguna eta estimatua
Elgoibarren. 50eko hamarkadan, euskal kulturaren aldeko mugimendu ezkutu eta isilaren lehen urratsetan parte-hartze aktiboa izan zuen, eta 1962an
zabaldu zuten Elgoibarko ikastolako lehenengo andereñoa izan zen. Ez zuen hasiera errazik izan. Antolakuntza pedagogikoari dagokionez, zailak
izan ziren urte haiek, eta soldata urriarekin eta Gizarte Segurantza kotizatu gabe egin zuten lan garai hartako andereñoek, tartean Itziar Ajuriak. 1986. urtera arte egin zuen lan ikastolan. Itziar Ajuria ekainean hil zen, 99 urte zituela.  

2023 09 21 lila saria itziar ajuriari alkatea

2023 09 21 lila saria itziar ajuriari 3

2023 09 21 lila saria itziar ajuriari 1

2023 09 21 lila saria itziar ajuriari alkatea fam

2023 09 21 lila saria itziar ajuriari curiel antzerkia