Zerbitzua kudeatzeagatik 3.708,00 euroko (BEZik gabe) urteko kanona ordaindu beharko dio Udalari. Bi urteko prestazioa izango du, ondoren beste bi urtez luzatu ahal izango dena bi aldeak konforme egonez gero. Besteak beste gosari eta pintxoak eskainiko ditu egunero tabernan, eta afariak bariku eta zapatuetan.
• Taberna bat da Kultur Kafea, baina izenean bertan darama beste zerbait gehiago izateko asmoa. Zer izango da Kultur Kafea Iria Andraderekin?
Izango da taberna bat, izan nahi duena leku atsegin bat bezeroentzat, erakarri nahi duena herriaren goiko alde honetara ere gazte jendea, bereziki asteburuetan, eta hilean behin gutxienez kultur ekintzaren bat antolatuko duena. Baldintza batzuk jarri dizkigute taberna hartzeko, besteak beste ordutegiarena, hilean behin kultur ekintzaren bat antolatzeko beharra eta euskara zaintzea. Erronka bat da niretzat, baina iruditzen zait taberna leku onean dagoela, gauzak antolatzeko lekua baduela eta Elgoibarren gutxi izango direla hau besteko irisgarritasuna dutenak. Okerrena da biltegi txikia duela.
• Aurkeztuguzu zure burua, Iria.
Elgoibartarra naiz, gaztea, ostalarien familia batetik nator eta duela 11 urte hasi nintzen osabarenean, Txarriduna tabernan, laguntzen. Ikasten nenbilen orduan, baina egun berezietan zerbitzen egiten nuen lan Txarridunan. Egia esan ez zitzaidan lar gustatu hura eta desenkantua hartu nuen. Tailerrean hasi nintzen gero lanean, bizikletentzako gurpilak egiten, baina han ere ez nuen luzarorako ikusten nire burua. 11 hilabete egin nituen, baina tarte horretan egunero joaten nintzaion amari etxera mila ideiarekin. Zoratu nuen ama nire burutazioekin. Gero, pandemia ondorenean, Malapen hasi nintzen lanean, barran. Gauez egiten nuen lan Malapen, jende gaztearekin, eta konturatu nintzen hori gehiago gustatzen zitzaidala. Urtebete egin dut Malapen lanean eta Udalak Kultur Kafea lizitaziora atera behar zuela entzun nuenean, proiektua aurkeztea erabaki nuen, amak bultzatuta. Neure proiektu bati heltzeko biderik errazena zela esan zidan amak, ez zuelako eskatzen hasierako inbertsio handi hori egiterik, eta baldintzek erakartzen ninduten. Badakit hau Bilboko Kafe Antzokiaren itxurako zerbait bihurtzea ezinezkoa dela, baina nahi nuke taberna ezberdin bat izatea. Erronka handia ere bada, hilero zerbait antolatu beharra, eta ziurrenik iritsiko dira hilabete batzuk zer egin ez dudala jakingo, baina Malapen egon naizen denboran gazte asko ezagutu ditut proiektu ezberdinetan dabiltzanak eta uste dut lagunduko didatela. Nik inguruko gazte denei esaten diet etortzeko behintzat birra bat hartzera asteburuetan, ea lortzen dugun pandemia aurreko giro hori. Orduan, goitik beheraino ibiltzen ginen poteoan, baina gero etorri zen tabernan jarrita egon behar hori eta hasi ginen denok Maalan gelditzen. Nik ahal dudan guztia egingo dut gazteek ere beren lekua topa dezaten hemen.
• Zer duzu buruan? Aurrekontua oztopo ez balitz, zer ekarriko zenuke?
Ni Zetak zalea naiz, eta horixe ekarriko nuke, aparkalekua bera ere kenduta, baina hori ezinezkoa da. Ez naiz diru askorekin abiatzen, baina iruditzen zait hau toki ona izan daitekeela hasten ari diren taldeentzat, eta elkarri laguntzeko aukera badugula. Elgoibarren badago EME elkartea eta nik ez ditut talde denak ezagutzen, baina badut haietako batzuekin harremana eta elkarlan bat bilatuko dut. Inauguraziorako Aitor Asenjo eta Danel Legorbururi proposatu nien etortzea eta ikusi nuen sekulako giroa sortu zutela. Txokoa bera ere ona iruditu zitzaidan era horretako kontzertuetarako. Musika eskola ere ondoan daukat eta badaukat hangoekin hitz egiteko asmoa ere. Buruan baditut ideiak. Asteburuetan emango dugu afaltzen momentuz, eta iruditzen zait jendea afaltzen dagoen momentu horretarako ere ekarri ditzakedala DJak, musika lasaia jartzera. Joango naiz gauzak probatzen eta jendeak zer nahi duen ikusten. Proposamenetarako irekia nago, hori bai. Orain, aitaren koadro batzuk ere baditugu ikusgai hemen, hilabeterako. Urriaren 28an, Kuadrillen Eguna izango da Elgoibarren eta baneukan egun horretarako zerbait antolatzeko gogoa ere, baina lagunek ohartarazi didate Puro Relajok Elgoibarren kontzertua ematekoa duela iragarria duela bere webgunean eta harekin ez dago lehiatzerik.
- ELKARRIZKETA osorik BARREN aldizkariko 1299. zenbakian -PDF-
- BARRENen Instagrameko kontuan ikus dezakezue Iria Andraderi eginiko bideo-elkarrizketa
Hona joan zen irailaren 15ean Kultur Kafearen irekiera jaioko zenbait argazki: (*Argazkiak: Julene Garcia-Abad)