Ongarri Argazki Taldeak antolatu du, Udalaren laguntzarekin. Erakusketa urriaren 6ra arte egongo da ikusgai, astelehenetik zapatura, 18:30etik 20:30erako ordutegian.
Miguel Trillo argazkilaria (Jimena de la Frontera -Cádiz, Espainia-, 1953) 70eko hamarkadatik dabil gazteen kulturak erretratatzen, lehenik Espainian diktadura amaitu ondoren, eta gero mundu osoan zehar.
Ongarritik jakinarazi dutenez, argazkigintza dokumentalak, bere alderdirik zuzenenean, kaleko erretratuarenean, askatasun haizea behar du. Berau gabe dibertimendua estu zainduta legoke. Horregatik hasi zen Trilloren lanaren balioa aintzat hartzen, 80ko hamarkadaren hasierako Madrilgo Movidaren irakite artistiko eta bizia jaso zuenean, kaletik bertatik, bizitoki zuen hirian. Gazte belaunaldi hark musikarekin lotutako estetiken bidez adierazten zituen bere zaletasunak: rockerrak, modak, heaviak, teknoak, gotikoak... Eta, era berean, 80ko hamarkadaren bigarren erdian, hip hoparen eztandarekin eta raparen hasierarekin.
90eko hamarkadan Bartzelonara joan zen Trillo bizitzera eta han beste estetika batzuk arakatzen jarraitu zuen kamerarekin: bakalak, grungeak, hipsterrak...
Mende aldaketarekin batera, Europa, Amerika eta Asiako hiriburuetara eramango duen jauzia emango zuen, hizkuntza, arraza edo erlijio ezberdintasunak gorabehera elementu komunak dituen gazteri internazional baten bila.
10. hamarkadan, Afrika sartu zuen bere ibilbidean, eta Casablanca eta Rabat bezalako hirietan zentratu zen udaberri arabiarraren garaian, edo Hegoafrikako Lurmutur Hiria zein Johannesburgon apartheid eta arraza-diskriminazioaren abolizioaren ondoren jaiotako belaunaldiarekin.
Pandemiaren ostean, argazkilariak bidaiagintzari ekin dio berriro, distantzien beldurrik gabe. 2023an, falta zitzaion kontinentea bisitatu du, Ozeania, eta Sydneyko laginak ekarri ditu. Megalopoliak bisitatzen ditu beti, bere atlasa handitzeko behar dituen aztarnategi bisualak han daudela sinetsita.
Elgoibarko erakusketa honek badu berezitasun bat: udazken honetan Miguel Trillok 70 urte bete ditu, eta ospakizun gisa hainbat hiri-triburen aukeraketa zaindua egin du, bost hamarkadako ibilbide luzean erretratatu duena, argazkigintzako teknologiak eraldaketa izugarria bizi izan duen aldi luzean. Horregatik, zuri-beltzeko (baritatua) edo koloretako (cibachrome) positibatu klasiko kimikoetatik, inprimaketa digitaletara (tinta-injekziokoak) eta lambda sistemara (erdi kimikoa, erdi digitala) eramango du ikuslea.
"Hauxe bai plazera gure begientzat, bai eta aukera paregabea ere edertasuna, jarrera eta hausnarketa nahasten asmatu duen irudi sortzaile baten obrara hurbiltzeko", esan dute argazki taldetik.