Demetrio Vallejo omendu dute Elgoibarren

Barren.eus 2023ko ira. 25a, 09:33

Elgoibar36 memoria historikoaren aldeko taldeak Demetrio Vallejo EAE-ANVko kide izandakoa omendu zuen zapatuan, tropa frankistak Elgoibarrera sartu ziren egunaren urtemugaren bueltan egin ohi duen urtero ekitaldiaren barruan.

 

 Errosario kaleko 27. zenbaki parean egin zuten elkartzeko zita, hantxe bizi izan baitzen Demetrio Vallejo, atari horretako hirugarren solairuan, eta handik egin baitzien oihu tropa frankistei Elgoibarren sartu ziren egunean. 1936ko irailaren 21ean sartu ziren errekete, falangista eta soldadu frankistak Elgoibarren Urola aldetik, eta Maalatik Kalegoen plazarako bidean zirenean, 'Gora Euskadi askatuta' oihu egin zien Demetrio Vallejok etxeko balkoira irtenda. Elgoibar36 taldeko Iñaki Odriozolak egin zituen zapatuko omenaldian aurkezpen-lanak. Testuinguruan jarri zituen lehendabizi omenaldira batutako guztiak. Han ziren, Demetrio Vallejoren alaba Maite Vallejo eta gertuko beste zenbait senide, bai eta Maialen Gurrutxaga alkatea eta EAJko eta EHBilduko zenbait udal ordezkari ere, herritarrez inguratuta. Mauxitxa txarangakoek ere parte hartu zuten ekitaldian. Lau kantu interpretatu zituzten: Eusko Gudariak, Bella Ciao, Gora Bosgarren Brigada eta A la barricadas. Demetrio Vallejo zenaren suin Enrike Larrañagak ere hartu zuen hitza, tarte batean. Filosofia irakaslea izandakoa da Larrañaga eta mikrofonoa hartu eta galdera bat egin zien han bildutakoei, gogoetarako balio zezakeelakoan: "Indarkeriarekin soluzionatzen al dira gauzak?". Ondoren, krabelina bana batu zien Odriozolak omenaldira batutakoei eta Kultur Etxeko atarira egin zuten denek. Han, Arturo Andraderen eskulturan utzi zituzten krabelinak eta bukatutzat eman zuten ekitaldia. ARGAZKI ALBUMA
 
 
Nazionalista sutsua izan zen hasieran Vallejo, lehenengo jeltzale eta gero EAE-ANVko kide, eta Frankismoaren eta post-frankismoaren gogorra ezagutu zituen. Salatua eta zigortua izan zen, bertsio ofizialaren kontra egiteagatik. Ez zen tropa frankistei aurre egin zien bakarra izan, asko izan baitziren matxinatuei erresistentzia agertu zietenak, nork bere modura. 1936ko altxamenduaren testuinguruan, herritarren %10ek egin zuten ihes Elgoibartik, askok eta askok Bizkai aldera, eta frontean borrokatu ziren, gudari, mendigoizale, miliziano sozialista eta anarkista, eta STVko militanteei batuta.