Kultur Etxe aurrean batu ziren gaztetxoak eta Aldenik Aldeneko lantalde berria ezagutzeaz gainera, irailaren 30ean Elgoibarren egingo duten lehenengo ekintzaren diseinua ondu zuten guztien artean. Izan ere, Udalarekin lankidetzan garatzen duten programa honen oinarriak euskararen erabilera, parte hartzea, hezkidetza eta inklusioa dira; eta horiek lantzeko jarduera ezberdinak garatzen dituzte umeekin batera. 'Aldenik Alden Fest' da lehen bilera horretako emaitza, irailaren 30ean egingo duten ekimena. Iaz egin zuten festa hau aurrenekoz, eta izan zuen harrera ona gogoan, berriro antolatzea erabaki dute. Goizean, pista jolas bat egingo dute, taldeka. Ondoren, hezitzaileek prestatutako bazkariaz gozatuko dute, eta bazkalostean modu "askeago eta lasaiago" batean jolasteko aukera egongo da.
Urrirako, berriz, bi ekintza prestatu dituzte. Bata, Elgoibarko auzo batean, natur gunean gauzatuko den orientazio froga dibertigarri bat izango da, urriaren 8an. Bestea, Gaba Beltza ospatzeko sortuko duten "misterio eta abenturaz" betetako Kluedo jolasa izango da, urriaren 27an.
- Egitasmoaren eta izen emateen inguruko informazioa webgune honetan bildu duteĀ
Atxutxiamaikatik jakinarazi dutenez, Aldenik Alden programak arrakasta handia eduki zuela aurreko ikasturtean, eta izen-emateak eurek aurreikusitakoak baino gehiago izan zirela. "Aurten ez dakigu zein izango den egoera, baina lehendabiziko ekintzetarako plaza kopurua handitu dugu eta ez dugu zozketarik egingo, espero dugu izen emate guztiei erantzuna eman ahal izango diegula. Kopurua gaindituz gero, itxaron zerrenda zabalduko genuke", azaldu dute.