Manifestazioa Euskalduna jauregitik abiatuko da, 17:00etan, eta euskararen alde inoiz egin den manifestazio jendetsuena izango dela aurreikusi dute deitzaileek. Manifestaziora joateko deia ez ezik, honen bultzadan parte hartzeko deia ere egin diete gaurko agerraldian norbanako zein eragile sozial eta politikoei.
Joan den maiatzaren 10ean EAEko Auzitegi Nagusiaren atarian egin zuten bezala, euskararen normalizazioaren kontrako epai sortarekiko desadostasuna agertu dute gaurko prentsaurrekora batutako eragileek. Erandioko Udalekoa, Uliazpi Fundazioari buruzkoa, Barakaldokoa, Irungo udaltzainena edo euskara hizkuntza “zailegia” dela argudiatu zuen Laudioko sententzia gogoratu dituzte, besteak beste. Era berean uztailaren 6an oldarraldiak beste koska bat gora egin duela azaldu du Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak: Espainiako Konstituzio Auzitegiak udalerri euskaldunei euskara hutsez funtzionatzeko aukerak murriztu zizkien, EAEko Udal Legeko 6.2. artikulua partzialki baliogabetuta. "Euskararen normalizazioan aurrerapausoa egiteko tresna sendo bat indargabetu zuen. Baina, horrez gain, adostasun sozial handi baten kontrakoa izan zen epai hori, Udal Legea gehiengo zabalez onartu baitzen Eusko Legebiltzarrean", esan du Eskisabelek, eta gogoratu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren "gehiengo zabal-zabalak" babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak.