"Borgagne" izen artistikoaz ezaguna den Gianni Chiriatti Suitzako San Galo hirian jaio zen 1973an, baina haurtzaroa bi hiriren artean pasa zuen, bere jaioterria eta Italiako Salento hirien artean, hain justu ere. Salenton du bizitokia egun eta handik ezagutzen du bere lagun Erminio De Carlo, Salento jatetxeko ugazaba. Borgagnek aurrez ere erakutsi izan ditu bere margolanak Elgoibarren. 2017an izan zeneta Elgoibarren egin zuen egonaldian sortu zituen gero Salenton erakusgai ipini zituen margolanak.
Multifazetikoa eta autodidakta dela dio bere buruaz Chiriattik, eta margolanez gainera, argazkilaritza, bideogintza eta instalazio artistikoak ere erabili izan ditu bere sormen artistikoari bide emateko. Elgoibarko erakusketaren gainean, aurreratu du metaformosian oinarritutako erakusketa izango dela, eta margolanak, argazkiak eta bideoak erabiliko dituela bizitzako metamorfosi desberdinak adierazteko.
Bere lanekin hainbat erakusketa egin izan ditu Italian, baina baita beste herrialde batzuetan ere; Egiptoko Luxor hirian "Un segno di amicizia e di pace" izeneko erakusketa eduki zuen 2013an. Sariak ere eskuratu ditu. 2012an Kritikaren Saria eman zioten Italiako Lecce hiriko artearen biurteko azokan.