Etorri berriei harrera egingo diete zapatuan Aita Agirre kulturgunean

Barren.eus 2023ko ira. 28a, 10:09

Elgoibarko Udalak Harrera Plan Integrala jarri zuen abian aurreko legealdian, eta horren barruan harrera gida kaleratu du, herrira iristen direnei oinarrizko informazioa emateko. Zapatuan, irailaren 30ean, harrera egingo diete maiatzetik abuztura bitartean herrira etorri diren 139 lagunei.

Elgoibarko Harrera Gida bost hizkuntzatan argitaratu dute: Euskaraz, gazteleraz, ingelesez, frantsesez eta arabieraz. Zapatuan, harrera egingo diete maiatzetik abuztura bitartean herrira etorri diren 139 lagunei. 11:30ean bilduko dira Aita Agirre kulturgunean, eta harrera gida banatuko diete, bertan datorren informazioa azalduz. Zaintza zerbitzua egongo da, eta arabierarako zuzeneko itzulpena ere egingo dute. Joan zen ekainaren 10ean egin zuten estreinakoz etorri berriei harrera egiteko ekitaldi publikoa (goiko irudian), eta bigarrena izango da zapatukoa.

Aurrera begira, herriko eragile eta elkarteekin harremanetan jarriko da Udala, harrera planaren bigarren fasea osotasunean garatzeko.

Udaletik azaldu dutenez, azken urteotan Gipuzkoako gizarteak aldaketa esanguratsuak izan ditu kultura eta jatorri desberdinetako pertsonen etorreraren ondorioz. Testuinguru horretan, Elgoibarko Udalak "elgoibartar berriei harrera egiteko protokolo instituzionala" garatu zuen 2022an, eta, 2023an, "elgoibartar berriei harrera egiteko protokolo integrala" ezarriko du tokiko eragileekin lankidetzan.
Elgoibarko Harrera Gida herrira ailegatzen diren pertsonei "informazio baliotsua" emateko diseinatutako tresna da. Gida honen helburua da etorri berriei beren ingurune eta komunitatea ezagutzen laguntzea. Udalerriari buruzko oinarrizko informazioa, udal-zerbitzuak, hezkuntza, osasuna, garraioa, enplegua eta prestakuntza, administrazio-izapideak, kultura eta tradizioak... informazioa eskaintzen du.

Maialen Gurrutxaga alkateak nabarmendu duenez, Harrera Planak eta, hedaduraz, Harrera Gida berriak "indartu egiten du udalerriak toki abegikorra, inklusiboa eta askotarikoa izateko duen konpromisoa. Iritsi berrien inklusioa funtsezkoa da gizarte-kohesioa sustatzeko eta bazterkeria prebenitzeko. Harrera-plan horrek beharrezko baliabideak eta laguntza ematen ditu pertsona horiek komunitatearen parte senti daitezen. Elgoibar Harrera Herri izaten jarraitzeko dugun konpromisoa sendotuz goaz".

2023 09 27 Etorri berriei harrera Elgoiba udala BARREN