Agurra batzuentzat; hasiera besteentzat

Barren.eus 2023ko ira. 29a, 08:37

Elgoibarko Lagun Taldea Txirrindulari eskolakoek joan den astean amaitu zuten txirrindulari denboraldia.

Taldeko juniorrak Azpeitian eta Antzuolan jokatutako lasterketetan lehiatu ziren eta 2022-2023 denboraldiari ez ezik, taldeari eta kategoriari ere agur esan diote Eneko Ortega, Aritz Esnaola eta Aitor Arranz txirrindulariek (argazkian). Klubetik egindako lanagatik eskerrak eman dizkiete, eta zorterik onena opatu diete hurrengo erronketarako.

Denboraldia amaitu berri bada ere, Elgoibarko Lagun Taldekoak hasi dira urriaren 4an hasiko duten denboraldi berrirako prestatzen. Lehen lana txirrindulari gazteak taldera erakartzea izango da. Horregatik, 2015. urtetik aurrera jaiotako neska-mutilak taldera batzera animatu dituzte. Interesatuek elt_txe@hotmail.com helbidera idatzita argitu ditzakete galdera eta zalantza guztiak. Taldetik nabarmendu dute urria hilabete berezia izaten dela eurentzat.
Batetik, pista denboraldiari hasiera emango diote urriaren 4an, taldekideei pistan ibiltzeko bizikletak banatuta. Eta, bestetik, urtero moduan Idotorbeko bizikleta igoera antolatuko dute urriaren 12rako, Pilarika Egunerako (12:00). Taldetik zehaztu duten moduan, txirrindularitza proba herrikoia da Idotorbeko Igoera, tradizio handikoa Elgoibarren. Idotorbeko Igoeran parte hartu nahi dutenek egunean bertan eman beharko dute izena, 10:30etik 11:30era, Kalegoen plazan. 12:00etan hasiko da lasterketa plazatik eta 3,8 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute Idotorbe gaineraino.

2023 09 29 elgoibar lagun taldea idotorbe