Zortzi kilometro luze ditu ibilbideak, eta 750 metro inguruko desnibel positiboa. Partaideak Casa Astigarraga taldeko kideak izango dira, 30 bat inguru. 60 sagasti sail daude, 30 aldapan gora eta beste 30 aldapan behera. Guztiak pasatu beharko dituzte partaideek, eta azkarrenak irabaziko du. 09:30ean zabalduko dute sagartokiko atea, eta 10:30ean hasiko da proba. Herritarrei dei egin diete proba ikustera joateko, eta eskatu dute oinez joateko, han ez dagoelako aparkatzeko lekurik.
Asier Lizarralde Lizagasar sagartokiko jabeak erakutsi du ekimen handikoa dela. Sagartokiko sagastia ikusteaz bat bururatu zitzaion eremu hartan lasterketa original bat antolatu zitekeela, eta mendian korrika ibiltzen diren hainbat lagunekin partekatu zuen bere ideia. "Hasieran inork ez zidan erronka aintzat hartu". Baina hilabete amaierako feria batean Jose Luis Diez Txelurekin topo egin zuen eta hark berehala agertu zion interesa. Han gertu zebilen Denis Saiz Casa Astigarraga Trail taldeko presidentea ere, eta berehala batu zen beste bien elkarrizketara: "Biei gustatu zitzaien ideia, eta erronkari forma ematen hasi ginen".
Dena prest dute domekarako. Asierrek prestatu du bidea: belarra moztu du, sailak seinalizatu ditu eta sagartoki ingurua txukun-txukun jarriko du domekarako. 09:30ean zabalduko dituzte sagartokiko ateak, eta 10:30ean hasiko da erronka. Herritarrei dei egin diete proba ikustera joateko, lasterketa bitxi eta originala ikusteaz gain, sagartokia bera ezagutzeko aukera ere izango dutela esanda. Gainera, txosna ere jarriko dutela aurreratu dute, ahosabaiak gozatzeko. Txorizo egosi pintxoak eta Lizagasarreko produktuak egongo dira aukeran. Musika ere egongo da, eta erronkaren bueltan jai moduko bat antolatu nahi dute.
• Ezaugarri teknikoak
Hiru bat hektareatako lursaila hartzen du Lizagasarreko sagartokiak, eta 60 sailetan banatuta daude sagarrondoak: 30 aldapan gora eta 30 aldapan behera. Sail batzuk luzeagoak dira, eta malda ere desberdina dute. Maldarik handiena %35ekoa da. Sagartoki aurrean hasiko da lasterketa, eta lehenengo sagastiari buelta bat eman beharko diete partaideek kanpoaldetik, eta buelta hori osatutakoan hasiko dira sailetan barrena korrika. Helmuga sagartokian kokatuko dute. Guztira 8 kilometroko ibilbidea prestatu dute, eta desnibel positiboa 750 bat metrokoa izango da. Ondo bidean, irabazleak ordubeteko denboran amaituko du proba, eta 12:30erako denek izango dute bukatuta. Sari banaketa 13:00etan egingo dute.
Aurtengoan parte-hartzea itxia izango da, eta Casa Astigarraga Trail taldekoek soilik parte hartu ahal izango dute. Denis Saizek eman ditu azalpenak: "Lehenengo aldiz antolatu dugu horrelako proba bitxia, eta ondo irtengo dela pentsatzen dugun arren, egon daitezke okerrak. Beraz, aurtengoa probatzeko edizioa izango da, eta pentsatu dugu taldeko kideok bakarrik parte hartzea izango dela egokiena". Datozen edizioetarako, baina, parte hartzea zabaltzeko asmoa dute.
Ilusionatuta daude antolatzaileak, eta bereziki elkarlana nabarmendu dute: "Horrelakoak sarriago antolatu beharko lirateke jendea Elgoibarren geratzeko eta ez joateko horrenbeste kanpora", esan du Lizarraldek. Ideiaz eta proiektuz beterik dauka burua, eta herriko eragileekin elkarlanean gauza asko egin daitezkeela uste du.