Hemeretzi pertsonak parte hartu dute Mendaroko margo lehiaketan, nagusien kategorian, eta hamalauk, 14 urtez azpikoetan. Aitor Etxeberria artista mendaroarrak eta Aitor Sarasketa artista eibartarrak osatu dute epaimahaia, eta Jose Reyes leioarraren lana nabarmendu dute guztien artetik. 700 euro jaso ditu Reyesek, saritzat. Bigarren lanik onena Jose Miguel Arranz erandioarrarena dela erabaki du epaimahaiak, eta 500 eurorekin saritu dute, eta hirugarren eta laugarren sariak Jorge Lopez gasteiztarrak eta Eneko Arruza lekeitiarrak jaso dituzte, hurrenez hurren. Hirugarren eta laugarren sarituek 300na euro jaso dituzte. 14 urtez azpikoen artean, A eta B mailak bereizi dituzte, adinaren arabera. HH2tik LH2ra artekoen lanak sartu dituzte A taldean, eta LH3tik DBH3ra artekoenak, B mailan, eta lau sari banatu dituzte, maila bakoitzeko bina. A mailan, Intza Alkorta eta Libe Zulaika mendaroarren lanak nabarmendu ditu epaimahaiak, eta B mailan, berriz, Aintza Mendikute mendaroarraren eta Paula Arruza lekeitiarrarenak. Gaztetxoek margotzeko materiala jaso dute saritzat. ARGAZKI ALBUMA
Udalak txartelak saldu zituen euro batean, eta lehiaketan bigarren egin zuen lana zozkatu zuten txartelak erosi zituztenen artean. 85 zenbakia izan zen saritua eta Luis Mendikuteri egokitu zitzaion saria. Erakusketa egin ondorenean jasoko du saria. Lagun Betikoak ondoko lokalean zabalduko dute erakusketa urriaren 6tik 8ra. Erakusketako ordutegia honakoa izango da: 12:00etatik 14:00etara goizez, eta arratsaldez, 18:00etatik 20:00etara.