Marka hau Euskal Herri osora zabalduko dute, eta baldintzak betetzen dituzten establezimenduek bat egiteko aukera izango dute aurrerantzean. Elgoibarrek ere bat egin du egitasmoarekin eta Udalak eta Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak euskaraz barra-barra ekimena sustatzeko konpromisoa agertu dute.
Ekimenaren sustatzaileek nabarmendu dutenez, elgoibartarron euskara ezagutza altua den arren, erabileran juxtu xamar gabiltza, eta arrazoietako bat izan daiteke ziurgabetasunak eragiten duen egoera deserosoa. "Hau da, aurrean dugunak ulertuko ez ote digun beldurra, egoera deseroso eta liskartsuak ekidin nahia eta abar. Normala den bezala, euskaraz berba egiteko baldintza batzuk behar edo nahi izaten ditugu euskaldunok. Egoera lasaia nahi izaten dugu, ingurukoek euskaraz badakitela jakin nahi izaten dugu euskaraz lasai egiteko. Ez dugu erantzun txarrik hartu nahi, edo ez dugu gaizki ulerturik nahi. Horregatik, askok, euskaraz egin beharrean, gaztelaniaz egiten dute euren ustez euskaraz ez dakiten leku nahiz egoeretan. Estres linguistikoa esaten zaio horri; Euskaraz jakingo ote dute? Euskaraz egiten badut, ulertuko al didate? Ez ote dute gaizki hartuko nik euskaraz egitea? moduko galderak eta kezkak pizten zaizkie askori buruan", esan dute.
Euskaraz barra-barra ikurrarekin bezero euskaldunei adierazten zaie euskaraz lasai aritzeko aukera dutela ikurra jarrita duten establezimenduetan, izan ere, marka duten horietan euskaraz ulertzen duten beharginak egongo dira.
• 'Barra-barra' marka eskatzeko baldintzak
Merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuetan euskararen erabilera handitzeko sortu dute 'Barra-barra' marka, eta bi baldintza hauek betetzen dituzten establezimenduek eskatu ahalko dute:
- Batetik, uneoro establezimenduan euskaraz dakien edo ulertuko duen langile bat daukanak.
- Bestetik, langile guztiak euskaldunak ez diren establezimenduen kasuan, euskaraz dakien edo ulertzen duen langileak identifikagarri bat edo lepoko bat eramatea, markaren irudiarekin.
Marka eskuratzeko baldintzak betetzen dituen establezimenduak Euskaraz barra-barran dioen ikur bat eskuratuko du atean jartzeko eta ikur horrekin bezero euskaldunei adieraziko diete euskaraz lasai aritzeko aukera dutela beren establezimenduan, bermatuta izango dutelako euskaraz ulertzen duten langileak egongo direla.
Kanpainan parte hartzeko interesa duenak Elgoibarko Izarra elkartekoekin jarri behar du harremanetan kudeaketa@elgoibarkoizarra.eus helbidera idatzita, edota telefono bidez (643 499 169 Amaia Lasagabaster).