Aiastiarrek 30 gradutik gorako tenperaturekin ospatu zituzten auzoko jaiak, barikutik domekara bitartean, 'San Migeletako uda txikia' fenomeno metereologikoaren eraginpean. Jai-giroa ere tenperaturaren parekoa izan zen eta aurten ere jende ugari ibili zen festetan.
• Inaxio Etxeberria eta "Miss" txapeldun
Lehiei dagokionez, San Migeleko XV. Artzain Txakur Txapelketa jokatu zuten domeka eguerdian, eta Inaxio Etxeberria artzain azpeitiarrak eta "Miss" txakurrak irabazi zuten proba.
• Kamiñoko nagusi idi-demetan
Domeka arratsaldean idi-demak jokatu zituzten Aiastiako probalekuan eta hiru idi pare lehiatu ziren. Muruetako Kamiñokoren idi-parea gailendu zen eta berarentzat izan ziren lehen sariko 900 euroak eta manta. Elgoibarko Soarteren idi pareak egin zuen bigarren markarik onena eta Orioko Olidenen idiak sailkatu ziren hirugarren postuan.
• Unai Loiola txapeldun bola-jokoan
Hiru Txirlo bola-jokoan ere lehiatu ziren joko honetan horren abilak diren aiastiarrak eta inguruetatik etorritako bolariak eta Unai Loiola auzotarrak jantzi zuen irabazlearen txapela. Sergio Rodriguez eta Pedro Gomez bolari eibartarrak sailkatu ziren, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren postuetan. Imanol Osoro eta Iker Izagirre sailkatu ziren laugarren eta bosgarren.
Urtero moduan, Haritz Euskal Dantzari Taldekoek dantzaldia egin zuten Aiastiako jaietan, eta aurtengoa "bereziki hunkigarria" izan zela esan dute, "guk zuei (auzotarrei) eta zuek guri dantzatu diguzuelako". Dantza taldea ospatzen ari den 50. urteurrenaren harira, esker oneko hitzak jasotzen dituen bertsoak, koadro bihurtuta, oparitu zizkioten elkarri Haritzekoek eta aiastiarrek (beheragoko irudietan ikus eta irakur ditzakezue), .Urteotan izan duten harremana eta hartu-emana jaso dituzte bertsoetan.
Hona jai batzordekoek bidalitako hainbat irudi: