Gaitu.eus webgunea sortu dute horretarako. Ahotsak biltzeko Common voice izeneko plataforma irekia erabiltzen ari dira, eta webgunean sartzen direnei bi lan proposatzen dizkiete: Batetik, idatzita dagoen esaldi bat irakurtzeko, grabatzeko, eta bestetik, beste hiztun batzuek grabatutako esaldiak balioztatzea. Bata zein bestea nahi beste aldiz egin daiteke. Abenduaren 3a bitartean egin nahi dute ahalegina, Euskararen Nazioarteko Egunerako.
Jarraitu beharreko urratsak:
- Gaitu.eus atarian sartuta, plataformak bi eginkizun proposatzen ditu.
- Batetik, idatzita dagoen esaldi bat irakurtzeko aukera ematen da, ozenki grabatzen den bitartean. Behin hori eginda, atariak beste esaldi bat proposatuko dio erabiltzaileari eta gauza bera errepika daiteke nahi adina aldiz.
- Beste aukera, beste hiztun batek grabatutako esaldi bat entzun eta hori ontzat ematea da.
• Grabazio masiboa, Elgoibarren
Ekimenarekin bat egin du Elgoibarren Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak, Udalarekin elkarlanean, eta abenduaren 2rako grabazio masiboa antolatu dute. 11:00etatik 14:00ak bitartean egingo dute, Aita Agirren, eta parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute.
- Izena emateko nahiz informazio gehiago jasotzeko: kudeaketa@elgoibarkoizarra.eus helbidera idatzi behar da edota 643 499 169 telefono zenbakira deitu (Amaia).
Urriaren 2an aurkeztu zuten ekimena, Tabakalera zentroan antolatutako ekitaldi batean. Bertan izan ziren Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko bigarren presidenteordea eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, eta teknologia berriekin eta euskararekin zerikusia duten hainbat eragile, besteak beste, Librezaleak edota Bagera elkarteko kideak.