Zelakoa da euskal irakurlea? Zein gara eta zenbat? Zelakoa da gure lengoaia literarioa? Nondik edaten dugu? Zer itzultzen dugu eta zer ez? Zergatik? Nola sortzen da irakurlea? Zelan ematen da literaturzaletasunaren transmisioa? Nork-Nori-Nork?. Galdera horiei eta gehiagori erantzuten ahaleginduko dira urriaren 7an, zapatua, Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak elkarlanean antolatu duten Euskara ala ezkara literaturan? jardunaldian, IMHn. 09:30ean hasi eta 14:30ean bukatuko da jardunaldia eta letren munduko aurpegi ezagun asko bilduko dituzte bertan.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Euskal Herriko 25 herri ezberdinetatik etorriko da jendea, idazleak eta irakurzaleak. Guztira 60 bat lagun espero dituzte; horietatik 18 Elgoibarkoak. Pozik daude jardunaldiak piztu duen ikusminarekin.
Andu Lertxundi idazleak egingo ditu atarikoak, eta ondoren, Harkaitz Zubiri idazleak Kulturak guztia alda dezake hitzaldia emango du. Hitz egokiaren bila jardungo dira gero Iñigo Aranbarri idazlea eta Miren Amuriza bertsolari eta idazlea eta itzulpengintza izango dute gero solasaldirako gai Harkaitz Cano idazleak, Arrate Hidalgo itzultzaile eta editoreak eta Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak. Mahai-inguru formatoa izango du horrek, eta beste mahai-inguru bati emango dio sarrera, ondoren, Asier Serrano, Irati Jimenez eta Jasone Osoro idazleak literaturzaletasunaren transmisioaz jardungo baitira, Nola sortzen da irakurlea? izenburupean.
Oihana Arana bertsolari eta idazleak propio Euskara ala ezkara? jardunaldirako idatzitako 'Zenbat bizi!' testua irakurriko du gero, eta Uxue Alberdi eta Iban Urizar Amorantek emango diote azkena, meza nagusia deitu dioten saioarekin. Jardunaldiko hitzaldi guztiak euskaraalaezkara.eus webgunean jasoko dituzte.
Antolatzaileek aurreratu dute areto nagusiko sarreran azoka ere antolatuko dutela liburuak ikusteko eta erosteko aukerarekin. Era berean, Pitxintxu liburu-dendaren eskualdatzea irudikatzeko ekitaldia ere egingo dute jardunaldiaren hasieran.
• Elkarrizketa kulturklik-en
Euskal Herriko kultura industrietan aritzen diren profesionalei zuzendutako webgunean, Kulturklik Pro-n, elkarrizketa egin diote "Euskara ala ezkara" ekimenaren koordinatzailea den Imanol Larrañagari, eta 2008an jaio zen 'Euskara ala Ezkara' egitasmoaren inguruko xehetasunak eman dizkie honek, eta baita literaturaren inguruan antolatu duten aurtengo jardunaldiari buruzko argibideak ere.
Irakurri hemen elkarrizketa kulturklik