Joan zen astean ekin zioten 24/7 plataformakoek ikasturte berriari, eta ohi duten moduan, anbulatorio aurrean egin zuten protesta. Osasungintza publikoa indartzeko eta, bereziki, Elgoibarko anbulatorioa asteko zazpi egunetan eta 24 orduz zabaltzeko eskatzen ari dira.
Plataformatik prentsa ohar bidez adierazi dute Elgoibarko herritarrek anbulatorio zerbitzuarekin duten arazoa ez dela anbulatorio berri batekin konpontzen. "Arazoa honako hau da: eskaintzen den zerbitzua, larrialdi-zerbitzu osoa desagertzea eta anbulatorioa ostiraletik astelehenera itxita egotea. Zertarako nahi dugu anbulatorio berri bat eta gure dirutik 32 milioi euro gastatzea itxita edukitzeko edota diferituan zerbitzu bat eskaintzeko? Zein da gure agintarien kezka, herritarrei osasun zerbitzu hobea eskaintzea edo batzuek beren negozioak egiten jarraitzea? Osasuna ez da jolaserako kontua; ez da negozio bat", esan dute. Anbulatorioan ematen dituzten zerbitzuak murriztu izanaren erantzuletzat EAJ eta PSE jo dituzte.