Paula Calvo: “Aurtengo denboraldian Europako txapelketan parte hartzea gustatuko litzaidake”

Barren.eus 2023ko urr. 6a, 15:00

9 urte zituela hasi zen igerian Paula Calvo (Elgoibar, 2009). Amak betidanik egin du igerian, eta neba ere igerilaria dauka; eta haien bidetik sartu zen bera ere igeriketan.

Eibar Igerixan taldean dabil, eta estatuko onenekin lehiatzen da. Infantil mailako Espainiako Igeriketa Txapelketan hartu zuen parte uztail amaieran Sabadellen (Katalunia), eta urrezko hiru domina eskuratu zituen bizkar estiloko lasterketetan 50, 100 eta 200 metroetako probetan. Aurtengo denboraldiari begira, Europako txapelketa jokatzea gustatuko litzaioke.

 • Nola hasi zinen igerian?
Umea nintzela amarekin joaten nintzen igerilekura, eta igeriketa ikastaroan eman nuen izena. Baina ez zitzaidan gustatzen, aspertu egiten nintzen igeriketa ikastaroetan, eta laga egin nuen. Atletismoan eta balletean eman nuen izena, eta bost urtez aritu nintzen. 2018an itzuli nintzen igeriketara, 9 urte nituela. Nire neba igeriketan zebilen. Lehiatzen hasi zen, probak irabazten zituen eta hori gustatzen zitzaidan. Elgoibarren egin nituen igeriketa probak, baina nire adinekoen aldean maila handia neukala ikusi zutenez, Eibarko taldean eman nuen izena. Ordutik, Eibar Igerixan taldean ari naiz.

 • Nolakoak dira zure entrenamenduak?
Astelehenetik zapatura egunero entrenatzen naiz. Bi ordu pasako entrenamenduak egiten ditut, Eibarren. Astelehenetik ostegunera 19:30etik 22:15 arte egoten naiz Eibarren. Nire entrenatzailea Debakoa da, eta bueltan berak ekartzen nau etxera, ordu horretan ez delako trenik egoten. Barikuetan 15:00etan hasten ditut entrenamenduak, eta eskolatik lehenago irten behar izaten naiz, eta zapatuetan 8:00etarako igerian egoten naiz, 10:00ak aldera arte. Eta horrez gain, lasterketak izaten ditut. Uretan egiten dugunaz gain, gimnasioan ere egiten ditugu ariketak, eta orain, korrika egiten ere hasiko gara. Gogorra da, eta batzuetan kostatu egiten da joatea. Taldeko gazteena naiz gainera, aurten taldekide asko unibertsitatera joan dira eta ez dira etortzen entrenamenduetara, ikasi egin behar dutelako. Egunero joaten garenak hiru gara aurten, eta gogorra da, baina pozik nabil.

 • Zertan pentsatzen duzu igeri egiten ari zarenean?
Batzuetan hurrengo eguna antolatzeko erabiltzen dut tarte hori, dena ordenatzen dut buruan eta zereginak jartzen dizkiot nire buruari. Azterketaren bat daukadan egunean materia errepasatzen ere aritu izan naiz igerilekuan bueltaka, eta beste batzuetan ez dut ezertan pentsatzen. Lehiatzeko garrantzitsua da mentalki ondo prestatzea.

2023 10 06 paula calvo igerilaria dominekin BARREN

 • Lehiatzea gustuko duzu. Zein da zure indargunea?
Bai, infantiletan lehiatzen naiz, 2008tik 2010era jaiotakoekin. Bizkar estiloan aritzen naiz hoberen. Espainiako txapelketan hiru urrezko domina eskuratu nituen bizkar estiloko hiru proba irabazita. Estilo librean ere ondo moldatzen naiz. Bular eta tximeleta estiloetan ez naiz ondo moldatzen, baina beste bi estiloekin konpentsatzen dut. Gipuzkoako txapelketetan ia beti nik irabazten dut dena. Iazko denboraldian, esaterako, ni izan nintzen Gipuzkoako igerilarien artean Espainiako txapelketan dominaren bat irabazi duen bakarra. Euskadi mailan Getxoko igerilari bat oso ondo moldatzen da estilo librean eta harekin izaten dut lehiarik handiena. Berak ere lortu zuen domina bat Espainiako txapelketan. Nik zortea izan nuen Espainiako txapelketan, nire lehiakide zuzena den madrildar batek ez zuelako parte hartu. Europako txapelketa zeukan.

 • Nolako esperientzia bizi zenuen Espainiako txapelketan?
Dena eman nuen. Goizeko proban ez nintzen oso fin aritu. Zortzi onenek lortzen dute arratsaldeko lasterketarako sailkatzea, eta ni seigarren postuan sailkatu nintzen. Nire denbora hiru segunduan okertu nuen, eta nire aurretik sailkatu zirenek hiru segunduko aldea atera zidaten. Arratsalderako hobeto prestatu nintzen, beste mentalitate batekin irten nintzen eta azkenean bizkar estiloko hiru probak irabazi nituen. Gainera, 200 metrokoan lortu nuen gutxieneko denborari esker Malagan lehiatzeko aukera ere izan nuen, Espainiako igeriketa txapelketa absolutuan, baina oso nekatuta iritsi nintzen Sabadelletik eta ez nuen ezer lortu. Ni baino nagusiagoak ziren denak, zaila neukan, baina esperientzia ona izan zen.

ELKARRIZKETA osorik BARREN aldizkariaren 1301. zenbakian -PDF-