Euskaraz barra-barra egitasmoaren baitan sustatu du Eusko Jaurlaritzak 17. logela. ihes-gela. Euskaratik eta euskaraz sortutako ihes-gela da eta euskara ulertu edota hitz egiteko gai den 16 urtez gorako edonori dago zuzenduta.
Aisialdiaz euskaraz gozatzeko aukera eman nahi du, eta azaroaren 3tik 5era bitartean Elgoibarren izango da. Gehienez, bost lagunek parte hartu dezakete saio bakoitzean, espazioari eta jokoaren ezaugarriei behar bezala erantzuteko, eta saio bakoitzak 40 minutuko iraupena izango du. Denbora tarte horretan ihes-gelatik irtetea lortu ezean, amaitutzat emango da jokoa.
Ihes-gela probatu nahi duenak Internetez egin behar du erretserba euskarazbarrabarra.eus/ihes-gela helbidean sartu eta agendan Elgoibar aukeratuta. Talde bakoitzeko ordezkariak egin beharko du erreserba, hau da, taldearen izenean pertsona bakarrak egin beharko du erreserba. Txanda ezberdinak antolatuko dituzte eta ordutegia honakoa izango da: ostiral arratsaldean 17:00etatik 21:00etara, eta zapatu eta domekan 10:00 etatik 14:00etara goizez, eta arratsaldez, 17:00etatik 21:00tara. Parte-hartzea doan izango da.
Webgunean zehazten dute gurpildun aulkia behar dutenek ere irisgarritasuna bermatuta izango dutela ihes-gelan.
Honen inguruko zalantzak izanez gero, Elgoibarko Izarran 943 741 626 edo Udaleko Euskara Sailean 943 744 366 galdetu.