65 lagun inguru elkartu ziren zapatuan ‘Euskara ala ezkara literaturan?’ jardunaldian

Barren.eus 2023ko urr. 9a, 11:03

Gotzon Garate idazle eta euskaltzalearen (Elgoibar, 1934-2008) oroimenez antolatzen dute urtero 'Euskara ala ezkara' jardunaldia Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak elkarlanean, IMH campusaren, DanobatGroupen, Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta literatura izan dute hamabosgarren edizio honetako gaia.

Zelako irakurleak gara? Zein gara? Zenbat gara? Nolakoa da gure lengoaia literarioa? Zer itzultzen dugu euskarara eta zer ez? Zer esportatzen dugu? Nola sortzen da irakurlea? Nola egiten da literaturzaletasunaren transmisioa? Galdera horiei erantzuten ahalegindu ziren zapatuan aurtengo gonbidatuak, letren mundukoak guztiak. Baina horretan hasi aurretik, Elgoibarren eta inguruotan erreferentziazkoa den Pitxintxu opari-dendaren eskualdatzea irudikatu nahi izan zuten antolatzaileek. 45 urte eta hiru hilabeteko historia pilatu du Pitxintxuk, liburu, diska eta batek daki zenbat gauzaren opari denda-dendak, eta egun ezin aproposagoa iruditu zitzaien ekimenaren sustatzaileei Izaskun eta Marijose Estibaritzi agur esan eta dendan erreleboa hartu duen Sara Arriolari ongietorria egiteko.

2023 10 07 euskara ala ezkara literaturan elgoibar izarra pitxintxu eskualdatzea aurreskua BARREN

Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak eta Amaia Sastre Elgoibarko Izarrako presidenteak egin zituzten geroko agurrak, eta Anjel Lertxundik, euskal idazle oparoenetako bat denak, egin zuen gero sarrera-hitzaldia. Sarrerakoa izan zen, baina balio zezakeen Lertxundiren hitzaldiak goizak emango zuenaren laburpen gisa ere. Hizkera, literaturaren kolorea jarri zion izenburua bere hitzartzeari, eta testu literario bat idazteko arkitekturaz eta arkitektura hori osatzeko materialez -Trama, erritmoa, tonua…- jardun zen Lertxundi, bai eta idaztean hartu beharreko arriskuez, idazleak bizi dituen obsesioez eta euskaraz inoiz esan gabeei edo inoiz planteatu gabeko arazoei itzultzaileek eman behar izaten dizkieten irtenbideez ere.

2023 10 07 euskara ala ezkara literaturan elgoibar izarra andu lertxundi BARREN

Lertxundiren ondotik Harkaitz Zubiriren txanda izan zen. Irakaslea eta ikertzailea da Zubiri Euskal Herriko Unibertsitatean, Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Sailean eta hainbat liburu, atal eta artikulu ditu argitaratuta, horietako zenbait mundu mailako aldizkari zientifikoetan. Galestik bideo-dei bidez aritu zen Zubiri kulturak gizartea eraldatzeko duen indarraz. L'Hospitalet de Llobregateko Joaquim Ryura ikastetxeko dinamika baten bueltan harilkatu zuen bere diskurtsoa, esateko sosak baldintzatzen duela, baina ez determinatzen, eta “kulturak sekulako indar eraldatzailea” daukala. L’Hospitalet de Llobregateko Florida auzoan dago kokatuta Joaquim Ryura ikastetxea, ahal ekonomiko apaleko familiak dira han eskolatutakoen %95. Zubirik aipatu zuen, aurreiritzietan oinartuta, pentsatuko genukeela emaitza akademiko kaskarrak lortzen dituztela hango ikasleek eta bizikidetza ere ez dela ona, baina kontrakoa gertatzen dela. Joaquim Ryura ikastetxeak hautsi egiten ditu haur baten eskola-emaitzak gurasoen prestakuntza-mailarekin lotzen dituzten teoria pedagogiko guztiak, eta gezurtatu egin ditu familiek seme-alaben hezkuntzan duten pisu soziokulturala erabakigarria dela esan duten ia egile guztiak, eskola horretako eskola-umeek lortu dituzten emaitza akademikoak eliteko eskoletakoen gainetik daudelako. Eta hori, hein handi batean, ardatzean literatura jarrita lortu dutela nabarmendu zuen Zubirik. Literatur solasaldiak antolatzen dituzte ikastetxean eta liburu klasiko unibertsalak jendearen eskura jarri. Horren harira esan zuen komeniko litzaigukeela esku-hartze eraginkorrak identifikatzea, eta beste ezeren zain egon barik, hemen martxan jartzea.

2023 10 07 euskara ala ezkara literaturan elgoibar izarra inigoaranbarri mirenamuriza
Goizeko atsedena aurreko azken saioan bi idazle batu zituzten, Miren Amuriza eta Iñigo Aranbarri, eta hitz egokiaren bila jarri zituzten biak. Hitzaren esan indarraz jardun ziren, nor bere bizipenetatik. Testuak esan indar hori izan dezan nola egiten duten azaldu zuten, zer baliabide erabiltzen dituzten, bai eta eginahal horretan zeintzuk traba identifikatzen dituzten ere: purismoa edo ofiziala denari lotuegi aritzeko joera, esaterako, eta esaldiak zikintzearen alde agertu ziren bata zein bestea.
 • Bi mahai-inguru
Goiz erdiko kafearen eta mokaduaren ondoren, eguneko lehen mahai-inguruaz gozatzeko aukera izan zuten IMHra batutakoek. Itzulbideak, itzulinguruak eta itzulipurdiak jarri zioten izenburua eta Uxue Alberdi idazleak gidatu zuen. Harkaitz Cano idazlea eta Arrate Hidalgo itzultzaile, editore eta kritikaria elkarrizketan jarri zituen Alberdik. Euskaraz sortutako literaturaren itzulpenaz jardun ziren. Euskal literaturak esportatzen duenaz eta hizkuntza gutxitutik hizkuntza hegemonikora itzultzeak suposatzen duenaz. Hiruko horren atzetik beste hiruko bat igo zen oholtzara: Jasone Osoro idazle eta kazetari elgoibartarra, Irati Jimenez idazle eta kazetaria, eta Asier Serrano idazle, musikari eta Hizkuntzaren Didaktika eta Euskal Literatura arloetako irakaslea IRALEn. Umetako oroitzapenetatik abiatu ziren biak, irakurzaletasuna sustatzeko ondo egiten dena eta horren ondo egiten ez dena aletzeko. Eta bi-hiru ideia nagusi azpimarratu zituzten: denontzako kafeak ez duela balio; zintzoak izan behar dugula geure buruekin eta guk geuk irakurri ezean ezin dugula haurrek irakurriko dutela uste izan; eta idazleek, askotan, irakurleari begira baino gehiago beren buruari begira idazten dutela.

2023 10 07 euskara ala ezkara literaturan elgoibar izarra uxuealberdi arrate hidalñgo arkaitzcano

2023 10 07 euskara ala ezkara literaturan elgoibar izarra jasoneosoro asierserrano iratijimenez
 • Azken traka
Eta hala, ohartzerako, amaiera-testua entzuteko ordua iritsi zen. Oihana Arana idazle eta bertsolariari eman zioten testu hori prestatzeko ardura eta azken traka antzeko bat izan zen hark ekarri zuena. Gaztetasunetik eta umoretik aritu zen Arana, eta mami eta musika handiko testua ondu zuen, maistraki irakurri zuena. Eta borobila izateko gehiagoren beharrik ez zegoenean, iritsi zen azken kolpea, Meza Nagusia, Iban Urizar eta Uxue Alberdi artista elgoibartarren obra. Zapatuko jardunaldiari bendizioa eman zioten bien artean, baina idatziz kontatzeko baino gehiago da entzun eta ikustekoa, eta luze gabe eskegiko dugu Interneten, gainerakoen grabazioekin batera.

 

2023 10 07 euskara ala ezkara literaturan elgoibar izarra oihana arana BARREN

2023 10 07 euskara ala ezkara literaturan elgoibar izarra meza nagusia BARREN

2023 10 07 euskara ala ezkara literaturan elgoibar izarra meza nagusia 1 BARREN

2023 10 07 euskara ala ezkara literaturan elgoibar izarra danak amaieran BARREN