Ainhoa Lendinezek bere marka pertsonala ondu eta hirugarren egin du Anboto Kilometro Bertikalean

Barren.eus 2023ko urr. 10a, 12:34

Anboto Kilometro Bertikala jokatu zuten zapatuan. Mendi lasterkariek Arrazolatik Anbotoko tontorrera arteko 3,8 kilometroko bidea egin zuten, 1.092 metroko desnibel positiboa gaindituz, Euskal Herriko kilometro bertikal gogor eta berezienetarikoa osatuz.

Emakumeetan lehia estua espero zen Oihana Azkorbebeitia abadiñarraren eta Lide Urrestarazu ordiziarraren artean; beteranoa eta gaztea aurrez aurre. Igoera birritan irabazi eta probaren errekorra dauka Azkorbebeitiak, 2018tik: 45.59. Urrestarazuk, berriz, 24 urte ditu eta promesa baino gehiago da errealitate bat, Sorginen Lasterketa eta 32 kilometroko Camille Extreme proba irabazi baititu aurten. Pronostikoek ez zuten hutsik egin eta bien arteko lehia estua izan zen. Oraingoan Urrestarazu izan zen azkarrena (00:48:37) eta Azkorbebeitiarena bigarren denborarik onena (00:50:27). Inork gutxik espero zuena, berak ere ez, podiumaren hirugarren koskara igo zen saltakaria zen. Seigarren parte hartzea zuen Ainhoa Lendinezek proba honetan, eta orain arte egin duen markarik onena eginda, hirugarren denborarik onena izan zen berea: 00:51:41. Gizonezkoretan Iñigo Alzola arrasatearra gailendu zen, 00:40:03ko denbora eginda. Aitor Ajuria otxandiarra sailkatu zen bigarren postuan (00:50:27) eta Vincent Loustau hirugarrengoan (00:41:19). Korrikalariak banan-banan abiatu ziren irteera lekutik Anbotoko hormetan gora egiteko.

Egindako lasterketarekin eta lortutako emaitzarekin pozez gainezka eta "sinistu ezinda" dago Lendinez. "Eskatu desio bat. Podium bat Anboton. Gutxien uste duzunean heldu zait. Ezin hitzez azaldu", adierazi du.
Zegaman lehiatu zen azkenengoz kilometro bertikal batean, eta horregatik dio bere une honetako sasoi puntuaz erreferentziarik gabe lehiatu dela Anboto Kilometro Bertikalean. "Hiru Handietarako prestatzen aritu naiz udatik hona. Anbotora anemiarekin iritsi nintzen iaz, eta aurten hobeto nagoen arren, ez nuen inondik inora nire orain arteko nire marka onena ontzerik espero". Anboto Euskal Herriko bertikal gogor eta bereziena dela dio, eta haatik podiuma egitea oso zaila dela. "Bero egin zuen arren jan edana asko zainduta zoragarri sentitu nitzen. Hasieran lasai hartu nuen eta gero estutu. Ni baino minutu bat atzerago irten zen Oihana Azkorbebeitia, eta harrapatu eta pasa ninduenetik bere atzetik orpoz-orpo goraino ailegatzea lortzea sinestezina izan zen niretzat. Ikusleei eskerrak eman nahi dizkiet animoengatik. Izugarrizko jendetza eta giroa egon zen Arrazola eta Anboto artean". Bere osaba ere gogoan izan du eta hari eskaini dio Anboton lortutako emaitza, "bizitzako lasterketan indarra eman didalako".

Probako argazki gehiago anboto.eus toki komunikabidean.

2023 10 07 anboto km bertikala ainhoa lendinez arg unai olaso 1

2023 10 07 anboto km bertikala ainhoa lendinez arg unai olaso 2

2023 10 07 anboto km bertikala podium emak ainhoa lendinez anboto tokikom