Kale antzerkia eta antzerki iraultzailea egin eta sustatzeko sortu zuen Karrika antzerki talde amateurra Jose Martin Urrutia "Txotxek", beste hainbat lagunekin batera, duela 25 ute Durangon. Sortzaile eta antzerki zuzendari estimatua izan zen Txotxe 2018an zendu zen arren, hark hasitako bideari eta hasierako espirituari eutsi diote egungo taldekideek. Urtarrilean egingo dute urteurren ekitaldia, eta urte hauetan guztietan Karrika familia, -edo "sekta" euren buruari deitzea gogoko duten moduan- osatu duten lagunek parte hartzea nahi dute, eta baita herritarrak ere.
Durangoko San Fausto jaietan ere gogoan izango dute urtemuga, eta taldearen 25 urteko ibilbidea aitortzeko Durangoko Txosnagunearen txupina jaurtitzeko aukeratu dituzte. Gaur izango da txupinazoa, 20:00etan, txosnagunean. Ekitaldiari euren ukitua emango diotela aurreratu dute taldekideek.
Informazio osoagoa: anboto.eus