Kalegoen plazan izango da herri kirol jaialdia (Euria bada, Olaizaga Kiroldegian), 12:00etan hasita, eta debalde izango da. EITBk zuzenean emango du finala. Atzo arratsaldean egin zuten txapelketaren aurkezpena udaletxean, lehiatuko diren aizkolarietako batzuk bertan direla.
Sei aizkolari arituko dira finalean, honakoak: Nerea Arruti Salgado, Nerea Sorondo Maritorena, Oihana Fernandez De Barrena, Maika Ariztegi Mariezkurrena, Malen Barrenetxea eta Ane Zapirain Odriozola.
Egin beharreko lanari dagokionez, sei pago enbor ebaki beharko ditu aizkolari bakoitzak: kanaerdiko bi 54 ontzakoak, 45 ontzako bi enbor eta beste bi 36 ontzakoak.
• Gizonezkoen finalerdia
Emakumeen finalaz gainera, 2. mailako gizonezkoen aizkolari txapelketaren finalerdietako bat ere jokatuko dute herri kirol jaialdi berean. Honako sei aizkolariak lehiatuko dira: Aritz Irazabal, Jon Rodriguez, Oihan Larretxea, Cesar Fernandez de Landa, Ibon Garaiburu, Iker Gorriti eta Iosu Santamaria. Sei enbor ebaki beharko dituzte (54 ontzako hiru enbor, 60 ontzako enbor bat eta 72 ontzako beste bat). Hiru denborarik onenak egiten dituzten aizkolariak sailkatuko dira finalerako.