Egunero desplazamendu ugari dauden herri batean bizi garela zehaztu dute koaliziotik eta garraio publikoa aukeratzen dutenei "zerbitzu eskas bat" emateak haien bizi-kalitatean ondorio larriak eragiten dituela adierazi dute.
"Mugikortasun ikuspegitik Elgoibar EAEko hiru hiriburuen erdian kokatua egotea indargune izan zitekeen arren, agerikoa da lurralde eta herri mailako mugikortasun politiketan gure herriari ez zaiola lehentasun handirik eskaini. Besteak beste, Gazteiz eta Bilbora joateko genuen zuzeneko autobus zerbitzuak kendu egin zizkiguten, Altzolako tren geltokia kentzea erabaki dute, alternatibarik ipini gabe, eta ia lau urteren ondoren erdi garatuta jarraitzen du Herribusak", azaldu dute.
Garraio publikoari lotutako aipaturiko arazoak ugaritzeko, Elgoibartik Donostiarako autobusa hartzeko bidaiari askok dituzten zailtasunak aipatu dituzte, "Donostiarako autobusa hartzeko asmoa duten bidaiari asko joan ezinik geratzen ari direlako, geltokian zut, autobusa Eibartik beteta edo ia beteta etortzen delako".
Arazo honek pertsona bakar bati eragitea zerbitzua hobetzeko nahikoa arrazoi dela uste dute. "Nahikoa da pertsona bakar bat lanera edo unibertsitatera edo erietxera joan ezinik geratzea edo berandu iristea, zerbitzua hobetu beharra egoteko. Baina luze daramagu horrela eta Foru Aldundiak, Udalak eta Lurraldebusek unean uneko adabaki partzialak baino ez dituzte ipintzen. Udan gaizki eta orain gaizkiago. Ez dago elgoibartarren mugikortasuna behin-betiko hobetzeko planik", adierazi dute.
• Proposamena Debabarrena sustatzeko ponentzian
Arazook konpontze aldera eskualdeko EH Bilduk proposamen bat duela jakinarazi dute eta Eusko Legebiltzarreko Debabarrena sustatzeko ponentzian aurkeztua dutela. Bilbo era Gasteizera zuzenean joan ahal izateko Maltzagan geltoki berri bat egitea da proposamena, "Eibarrera joan beharrik ez edukitzeko, tren maiztasunak handitzeko eta abar". Alabaina, ponentzian aurkeztutako proposamen hori datorren urtera arte atzeratu dutela salatu dute. "Tokiko erakunde publikoen erantzunkizunen artean garraio publikoa erabiltzen dituztenen beharrak asetuta daudela bermatzea dago eta ez dira betetzen ari. Guk, konponbiderako proposamen tekniko eta politikoak ematen jarraituko dugu, elgoibartarren bizi-kalitatea helburu".