Ainara LeGardonek autogestio musikalaz ikastaroa emango du Elgoibarren urriaren 19an

Barren.eus 2023ko urr. 11a, 14:08

Elgoibarko Musikarien Elkarteak (EME) antolatuta, 'Autogestioa musikan' izeneko ikastaroa emango du Ainara LeGardon musikariak, urriaren 19an, Elgoibarren.

2004tik kultur autogestioari buruzko lantegiak ematen diharduĀ Ainara Legardon (Bilbo, 1976) musikariak, eta pertsona sortzaileentzako aholkulari gisa egiten du lan. Jabetza intelektualaz, soinu-sorkuntzaz eta autogestioaz ematen ditu ikastaroak, eta Elgoibarrera autogestioaz berba egitera gonbidatu dute EMEkoek, "autogestioaren bide eder baina batzuetan malkartsua arintzeko asmoz".

Izan ere, gero eta gehiago dira autoekoizpenaren aldeko hautua egiten duten musikariak, hau da, bitartekaririk gabe bidea egin nahi dutenak. Bide malkartsu horretan aurki ditzaketen oztopoak eta horientzako irtenbideak azaltzen ditu LeGardonek bere saioetan. Besteak beste, honako galderak erantzuten ditu: "Nola ezagutarazi dezaket nire lana? Zein dira musika editatzeko bete behar diren tramiteak? Egile eskubideenak nola funtzionatzen du?".


LeGardon OnionĀ taldean hasi zen musika munduan, 1994tik 2003ra arte. Urte hartan Winslow Lab izeneko zigilu diskografikoa sortu zuen eta bakarlari ibilbidea hasi zuen musikagintzan. "Sortzaile gisa, premiak bultzatuta espezializatu nintzen jabetza intelektualaren alorrean. Zenbat eta gehiago maitatu musika, gero eta urrunago sentitzen dut musikaren industria. Horregatik sortu nuen nere disketxea, eta horregatik argitaratzen ditut 2003az geroztik nire lanak nere kabuz", dio.
Rock independientean eta soinu experimentazioan egin duen ekarpenagatik ere ezaguna da musikari bilbotarra. Azken urteetan bi arloak uztartzen dihardu, musikariarena eta irakasle/aholkulariarena.

  • Elgoibarren emango duen ikastaroa urriaren 19an, eguena, izango da, 19:00etan hasita, Inazio Bereziartua musika eskolan.

2023 10 11 ainara legardon ikastaroa elgoibar EME kartela