Jubilatuak dira guztiak, baina gazte daude eta lanerako gogotsu. Jubilazio aktiboaren erakusgarri dira, eta ideia berri pila batekin hasi dira lanean. San Bartolome jaietan egin zuten taldearen aurkezpen ofiziala Jubilatuen Eguneko bazkarian, eta orain, Jubilatuen Asteko prestakuntza lanetan ari dira besteak beste. Urte amaierara arte aurreko zuzendaritzakoekin lankidetzan arituko dira.
• Jubilatuen Biltokiko presidente berria zara. Nola iritsi zara kargu horretara?
Aurreko zuzendaritzak lagatzeko asmoa zeukala adierazi zuen, eta beraiek hasi ziren errelebo bila. Iaz bidai baterako izena eman genuen Jubilatuen Biltokian, eta orduan komentatu ziguten komeni zela talde gazteago bat sartzea zuzendaritzan, baina hor geratu zen gaia. Denborak aurrera egin zuen, beraiek laga nahi zuten, eta ez zen inor agertzen erreleboa hartzeko. Egoera hori ikusita, sentitzen genuen zerbait egin behar genuela.
Laguntzeko prest geunden, baina gure adinean bost urteko konpromisoa hartzea gehiegi iruditzen zitzaidan. Estatutuak dauden moduan, zuzendaritza bost urtetik behin aldatzen da, eta horrek atzera botatzen ninduen. Komentatu nuen aurreko zuzendaritzakoekin eta esan zidaten hori aldatu ahalko zela, eta beraiek laguntzeko prest egongo zirela gainera. Hori entzunda, berriz pentsatuko genuela esan genien. Urteko batzar orokorra iritsi zen, eta kuadrillakoak etorri ginen bilerara, entzutera. Zuzendaritza aldaketaren kontua iritsi zenean inork ez zuen ezer esaten, eta azkenean nik esan nuen laguntzeko prest nengoela, baina bost urteko epealdi hori aldatuta. Baietz esan zuten denek, hori aldatzea posible zela, eta orduan jende gehiago agertu zen zuzendaritzan sartzeko prest.
• 13 laguneko taldea osatu duzue, 11 emakumezko eta bi gizonezko, eta estreinakoz emakumezkoa presidente.
Bilera hartatik irten zen taldea, eta gustatzen zait, ez garelako denok kuadrilla berekoak. Ezagunak gara, baina kuadrilla diferenteetakoak eta iruditzen zait hori aberasgarria izango dela. Kuadrilla berekoak izanda beti da errazagoa tendentzia berera jotzea, eta modu honetan gauza desberdinak egiteko aukera gehiago ikusten dut. Gazteak gara denok, 63-73 urte bitartekoak gara denok, eta gauza asko egiteko gogoarekin sartu gara. Ilusio handia daukagu egia esanda, eta ahal dugun ondoen egingo ditugu gauzak.
• Zuzendaritza taldearen gaztetasunak atentzioa deitzen du, baina, aldiz, biltokiko 1.296 bazkideen artean %4,5a soilik da 60-65 urte artekoa.
Elgoibarren herritarren %23 dira 65 urtetik gorakoak, eta biltokiak bazkide asko ditu, nahiz izan zituen gehiago garai batean. 66-75 urte artekoak dira bazkide gehienak (%45), eta 60-65 urte artekoak gutxiengoa gara. Adin horretan oraindik jendeak bere ingurua dauka, eta lagunartean egiten dira planak. Jende gehiena sasoiko egoten da adin horretan eta ez daukate Jubilatuen Biltokiaren beharrik. Jubilazio aktiboa sustatu nahi dugu, eta jubilatu gazteak erakartzeko ahalegina egingo dugu, besteak baztertu gabe, jakina. Jubilazioa ez da etxean telenobela turkiarrak ikusteko sasoia. Hori ere iritsiko zaigu egunen batean, eta egingo dugu, baina adin horretan jendeak urrun ikusten du jubilatuen biltokia. Baina 80 urteko bati gerta dakioke bere kuadrillatik bera bakarrik geratzea beste denak hil egin direlako, eta horrek bai dauka biltokiaren beharra sozializatzeko. Etxean geratzen hasten bada, gero eta zailagoa egingo zaio gero irtetea. Beraz, jende horrentzako ekintzak ere beharrezkoak dira. Pentsatzen gaude 80 urtetik gorakoentzako bazkarira eta San Bartolome Eguneko bazkarira etortzeko erraztasunak ematea jende horri. Asko bakarrik daude, beharbada baserrian bizi dira, eta etxekoren batek ez baditu autoz eramaten, ezin dira joan. Gai hori lantzen ari gara.
• Zuzendaritzan gizonezkoak izan dira orain arte gehiengoa, baina Jubilatuen Biltokiko erabiltzaileen artean emakumezkoak dira nagusi.
Bai, zuzendaritzan genero aldaketa ekarri dugu, baina erabiltzaileen artean gizonezkoak askoz gutxiago dira. Bai, gizonezkoak erakartzeko ideiak ere baditugu, eta saiatuko gara zerbait egiten.
• Kanpotik espero zenutena aurkitu al duzue zuzendaritzan sartzean?
Ekainean hasi ginen hemen zer zegoen ezagutzen, eta harrituta geratu ginen zenbat lan zegoen ikusita. Kanpotik ematen duena baino askoz lan handiagoa egiten du zuzendaritzak. Sanbartolomeak zetozen, eta egitarauan jartzen duen "sorpresa" preparatu behar genuela. Sorpresa hori kina izaten da, eta nik ez nuen uste horrek horrelako arrakasta izaten zuenik. Biltokiko zuzendaritzan egonda 60tik 100 urte bitarterako herritarrak ordezkatzen ditugu, eta 40 urteko tarte horretan egoera oso desberdinetan dago jendea. Hasi ginenean ez nintzen kontziente, eta nire buruan zegoen irteera eta bidaiak antolatzea, baina orain konturatu naiz jende asko ez dagoela bidaiatzeko moduan eta bestelako ekintzek ere sekulako arrakasta dutela. Dantza egitera etortzen dira asko, memoria tailerrak ere harrera ona dauka, eta beste asko karta jokoan egitera etortzen dira arratsaldetan. Gainera, jubilatuen biltokia Gipuzkoako biltokien elkartearen barruan ere sartuta dago, eta gauza batzuek elkarlanean egiten dituzte. Zer izango zen pentsatzen genuenetik aurkitu genuenera alde handia dago. Egiteko asko dago hemen; ez dira lan zailak, baina lanak dira eta horrek denbora eskatzen du. Aurreko zuzendaritzakoek sekulako lana egin dute datu-baseak informatizatzen eta funtzionamendua zehazten, eta orain, gainera, guri laguntzen ari dira. Datorren urterako kudeaketa plana egitea tokatu zaigu, Udalean aurkezteko. Udalak dirulaguntzak ematen dizkigu eta gutxi gorabehera zer egin behar dugun esan behar genion eta aurrekontua prestatu. Arlo horretan gure helburua aurretik zegoena mantentzea da, eta ahal den heinean, gauza berriak gehitzea. Dagoena ondo dago, beraz, oinarria hori izango da, eta poliki-poliki joango gara berrikuntzak sartzen. Ideia pila bat ditugu, baina ez dakigu denak gauzatu ahal izango ditugun.
• Egitekoen artean estatutuak aldatzeko asmoa duzuela esan duzu, zuzendaritza batzordearen funtzionamendu berria zehazteko. Nolakoa izango da funtzionamendua aurrerantzean?
Gure asmoa da zuzendaritzaren bost urteko epealdi hori bi urtera murriztea, eta erreleboa osotasunean egin beharrean, txandaka izatea, hau da, erdiak laga eta beste erdiak berritu. Esperientziak erakutsi digu zuzendaritza zaharrekoen beharra daukala berriak, eta uste dugu erreleboa txandaka eginez gero, egokiagoa izango dela. Guri ere Gabonak arte lagunduko digute lehengo batzordekideek. Ez digute inongo arazorik jarri, baina zuzendaritza txandaka berrituta, hori saihestuko genuke. Gainera, bi urtetik behin bost pertsona bilatzea errazagoa da. Borondatezko lana da, ez dugu dirurik kobratzen, baina beste gauza batzuk ematen ditu, esaterako, lagunak. Jende berria ezagutzen da, eta hori beti da interesgarria.
• San Bartolomeetako jubilatuen bazkarian izan zen zuen zuzendaritzaren aurkezpen ofiziala. Zer moduz joan zen ekitaldia?
Oso ondo. Egun horretan ere ikusi genuen nolako perfila dagoen gure bazkideen artean. Orain dela urte batzuk ere egon nintzen bazkari horretan laguntzen, eta orduan jende nagusi gehiago egon zela iruditu zitzaidan. Aurten gazteagoak ere ikusi ditut.