Zizurkilgo San Milan elizan izango da Energia(k) ezbaian bertso saioa, 12:00etan hasita. Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Aitor Bizkarra eta Oihana Iguaran bertsolariak arituko dira energiaren gaiari ikuspegi anitzetatik kantuan, Saroi Jauregi gai jartzailearen gidaritzapean. 14:00etan, berriz, bertako produktu ekologikoekin prestatutako herri bazkaria egingo dute.
Karakate Bizirik plataformakoek bat egin dute Gipuzkoako Mendiak Askek sustatutako ekimenarekin eta bertso saiora zein bazkarira joateko txartelak eros daitezke Elgoibarren ere; Lanbroa eta Jai-alai tabernetan, hain zuzen ere. Bazkarirako izena emateko epea urriaren 15an amaituko da.
Honela azaldu dute egun honen zioa Gipuzkoako Mendiak Aske eragileak: "Orain dela urtebeteko urrian, Elosun elkartu ginen, mendiak babestu nahi ditugula eta mendietan zentral eolikorik nahi ez dugula aldarrikatzeko. Energia berriztagarria bai, mendiak txikitu ez lelopean bat egin genuen honako taldeek: Oletan ere ez (Azkoitia), Sañu bizirik (Azpeitia), Sainu Bizirik (Zestoa), Karakate Bizirik (Elgoibar, Soraluze, Bergara), Urretxu-Zumarraga Bizi! (Urretxu-Zumarraga), Andatza-Ezkeltzu Bizirik (Zizurkil) eta Andatza-Ezkeltzu Bizirik (Ursurbil). Eta elkarrekin bidea abiatu genuen, Gipuzkoako Mendiak Aske izenpean. Urtebeteko ibilbidearen ondoren, Zizurkilen elkartuko gara, ospakizuna eta aldarrikapena bateratu nahian. Ospatuko dugu Gipuzkoako mendiak babesteko sarea sortu eta sendotu egin dugula urtebete honetan eta aldarrikatuko dugu mendiak aske nahi ditugula, industrializatu barik, gure gazteen eta seme-alaben etorkizuna izaten segi dezaten".
Bertso saioko sarrerak 10 euroko prezioa du, eta umeen kasuan, "borondatea". Sarrerak egunean bertan erosi daitezkeen arren, emailez ere eskatu daitezke sarrerak, gma@ni.eus helbidera idatzita.
- IRITZI ARTIKULUA: Gipuzkoako Mendiak Askeren urtebeteko pozak eta ezinak azaltzen dituen iritzi artikulua zabaldu dute antolatzaileek: Elosutik Zizurkilera, Gipuzkoako Mendiak Aske. -PDF-