Cafes Baque Buruz Buruko Txapelketa irabazi du Iker Izagirre pilotari elgoibartarrak

Barren.eus 2023ko urr. 11a, 15:02

Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Errioxako kadete eta jubenil mailako manomanistarik onenak biltzen dituen "Cafés Baque" txapelketa entzutetsuaren finalak jokatu zituzten, urriaren 6an, Durangon.

Lurralde bakoitzeko pilotari onenek jokatzen dute Cafes Baqué Buruz Buruko Pilota Txapelketa. Bizkaian banakako jokamoldean duten txapelketarik "garrantzitsuena" dela dio Bizkaiko Esku Pilota Federazioko presidente Enaitz Olaetak. Durangaldean jokatzen dute urtero, txapelketako babeslearen eragin gune handieneko eremuan. Tradizio handiko txapelkearen 36. ekitaldiko finalak Durangoko Ezkurdi pilotaleku berrituan jokatu zituzten, joan den urriaren 6an. Kadete eta jubenil mailako finalak jokatu zituzten, eta Lazkaoko LAPKE taldeko pilotaria den Iker Izagirre elgoibartarra zen finalera ailegatu ziren lau pilotarien artean gipuzkoar bakarra, gainerako hirurak bizkaitarrak baitziren. "Baque" eskailera formatuan jokatzen den txapelketa da eta Izagirrek hiru kanporaketa gainditu behar izan ditu finalera auilegatzeko. Finalzortzirenetako kanporaketan Ibarzabal markinarra kanporatu zuen 18-10 irabazita; Okiñena (Buruzgain) kanporatu zuen final-laurdenetan 18-17 irabazita; eta, finalerdietako lehian 18-4 irabazi zion Segurolari (Gazteleku).

2023 10 11 baque pilota txap finalistak

2023 10 11 iker izagirre cafes baque txap irabazi saribanaketa

 • Final parekatua
Izagirrek Unax Ramirez (Kurene Sopela) izan zuen aurkari kadete mailako finalean. Ramirez peloteoan nagusitzeko asmoarekin kantxaratu bazen ere, oldarraldiari eutsi zion Izagirrek eta defentsan ez ezik erasoan ere aurkaria baino hobeto moldatu zen partidaren lehen zatian: 1-9 aurreratu zen markagailuan. Ramirezek ez zuen etsi, ordea, eta pilota mugitzeko indar handiagoaz baliatuta markagailua hamarna berdintzea lortu zuen. Izagirrek, baina, partidaren agintea berreskuratu eta bost tanto errenkadan eginda aldea gizendu zuen berriro ere. Tanto parekatuak jokatu zituzten arren, elgoibartarra iritsi zen lehena 18. tantora. 18-15 irabazi zuen finala. Finala aurreikusten zuen moduan joan zela azaldu zuen Izagirrek partidaren ostean egin zioten elkarrizketan, "takadaka", manomanoan sakearekin min "izugarria" egiten dela-eta. Hamarnako berdinketaren ostean taktikaz aldatu eta aurreko koadroetan gehiago jokatzea erabaki zuen, "nire joko naturalagoa dena egiten saiatu naiz eta asmatu dudala uste dut". 
Jubenilen arteko lehian Adrian Uriartek (Lezama EPT) jantzi zuen txapela, Upomendi taldeko Aner Iglesiasi 22-3 irabazita.

Bizkaiko Eusko Pilota Federakuntzak Youtubeko bere kanalean igo ditu bi finaletako emankizunak.