Azken bi urteetan gorantz egin du parte hartzeak. 2021-2022 ikasturtean, 354 haurrek parte hartu zuten Eskola Kirolean, eta kopuru hori 426ra igo zen 2022-2023 ikasturtean. Urriaren 2an hasi zuten 2023-2024 ikasturtean 449 haurrek eman dute izena. Parte-hartzaile horietatik, % 42 neskak dira eta % 58 mutilak. Alabaina, nesken parte hartzea "etengabe handitzen" joan dela zehaztu dute, % 30etik % 42ra igaro baita azken hiru ikasturteetan.
Elgoibarko ikastetxeetan matrikulatutako haur guztien % 62k eskola-kirolean parte hartzen du, "eta horrek adierazten du ekimen horrek interes eta garrantzi handia duela komunitatean". Benjamin, kimu eta kimu aurreko mailetan bereizitako umeak aritzen dira Eskola Kirolean.
• Eskola Kirolaren Plan berria
Aurreko ikasturtean bi ikastetxeek eta Elgoibarko Udalak Elgoibarko Eskola Kirolaren Plan berria sortu zuten, eta planean jasotakoak ikasturte honetan jarriko dituzte indarrean. "Helburua da hainbat kirolen ezagutza eta praktika sustatzeko eredu komun bat eskaintzea, balio eta ohitura osasungarrietan oinarritutako hezkuntzan oinarrituta", azaldu dute Eskola Kiroleko arduradunek.
Planaren helburuen artean daude balioak sustatzea, ikasleen hezkuntza integrala, kirolaren bidez euskararen erabilera sustatzea, bizi-ohitura osasungarriak sustatzea eta askotariko kirol-modalitateak eta jarduera fisikoak ezagutu eta praktikatzea.
Sei monitore arituko dira lanean umeekin, hiru emakumezkoak eta beste hirurak gizonezkoak. Talde bakoitzak bi saio izaten ditu astean, eta bilerak eta jardunaldiak antolatzen dituzte hilean behin, zapatu batean.