Tripontziak ekimen gastronomikoaren 10. urteurrena ospatuko dute azaroan Debabarrenean

Barren.eus 2023ko urr. 19a, 15:29

Azaroaren 3tik 26ra, Debabarrena eskualdeak Tripontziak ekimen gastronomikoaren hamargarren urteurrena ospatuko du, Debegesa Garapen Agentziak eta Debabarreneko Klub Gastronomikoak antolatuta.

 Hamargarren edizio honi hasiera berezia eman nahi izan diote antolatzaileek eta, horretarako, atzo arratsaldean dastaketa bat egin zen Errebal Plazan. Bertan, ekimenean parte hartuko duten jatetxeko sukaldariek Tripontziak menuko mokadutxo bana prestatu zuten, eta egindako elaborazioak azaldu zituzten. Gainera, ardo eta txakoli ekoizleak ere bertan egon ziren menuekin eskainiko diren edarien inguruko xehetasunak nabarmentzen.

Eibarko Baratze Gourmet, Elgoibarko Belaustegi, Ermuko Mendiola, Mutrikuko Pikua eta Soraluzeko Txurruka jatetxeek hartuko dute parte aurtengo edizioan eta sasoiko eta tokiko produktuetan oinarritutako platerak prestatuko dituzte. Menuak 35 eurokoak dira eta barne hartzen dute aperitibo bat, sarrera, bi plater nagusi (haragia eta arraina) ditu Mendaroko txokolatearekin egindako postrea. Ogia, kafea eta ardoa menuan sartzen dira baita eta aurten, berrikuntza gisa, jatetxe guztiek ardo berdina eskainiko dute menurekin: Garcia Olano upeltegiko ardo zuria eta Aimarez upeltegiko ardo beltza. Bestalde, 6 euroko gehigarri baten truke, Ehun ardo ondua eta Sagarmiña txakolinaz gozatu ahal izango da. Jatetxe bakoitzak eskainiko duen menua debabarrenaturismo.com webgunean kontsulta daiteke eta, menua jatera animatuz gero, beharrezkoa da aurrez jatetxera deitu eta erreserba egitea, Tripontziak Menua dastatu nahi dela aipatuz.

tripontzi2

 • Tripontziak zozketa eta bisita gidatuak

Aurreko urteetan bezala, aurten ere zozketa egingo da. Parte hartzeko, jatetxeetan Tripontziak zozketako kupoia eskatu beharko da, datuak bete eta establezimenduan bertan entregatu. Parte-hartzaile guztien artean sari ugari zozkatuko dira.

Era berean, eta aurreko urteko arrakasta ikusita, aurten ere bisita gidatuak eskainiko dituzte Tripontziak egitasmoak irauten duen bitartean (azaroaren 3tik 26ra). Eguenetan, bisita kultural gidatuak egiteko aukera egongo da. Bisitak Mutrikuko Arrietakua Jauregira, Eibarko Armagintzaren Museora eta Debako Santa Maria Elizara izango dira. Eta, zapatu goizetan, bisita gastronomikoak egiteko aukera egongo da. Azaldu dutenez, “bisita hauetan bertako produktuak nola egiten dituzten ikusi eta dastatzeko aukera eskainiko da, besteak beste, Chocolates de Mendaro, Goienetxe Gaztandegia, Lizagasar Sagartoki edota Lasturko Taloak. Gainera, bi dastaketez gozatzeko aukera izango da, sukaldari belaunaldi berriaren eskutik: Azitain Oinarrizko Lanbide Heziketako sukaldaritzako ikasleek egindako pintxoak probatu ahalko dira batean eta, beste dastaketa, Mutrikuko merkatu txikian izango da”.

Bisita gastronomikoetan edota kuturaletan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da. Horretarako, Debegesara (943 820 110) deitu beharko da, astelehenetik barixakura, 09:00etatik 15:00etara bitartean edo, bestela, turismoa@debegesa.eus helbide elektronikora mezua idatzi daiteke. Bisitak doakoak dira eta pertsona bakoitzeko lau izen-emate onartuko dira, plazak agortu arte. Bisitei buruzko informazioa debabarrenaturismo.com webgunean dago eskuragarri.