Egileak berak aletu ditu bai diskoaren barrunbe emozional eta estetikoa, bai eta kanta bakoitzaren helduleku zein pizgarriak ere. Hiru zutaberen gainean eraiki du diskoa, (Harri, herri, har) herri musikaren orube malgua oinarri duela. Forbidden Colours disketxeak ekoitzitako diskoan, kanpaiak, malenkonia, festa, animaliak eta poesia ageri dira. "Zahartzaroari edota zubi baten dantzan jartzeari kantatu diot. Harkaitz Canok errekak tristuraren sendabide bihurtu ditu. Odei Barrosok zezenaren begietatik epaitzen gaitu. Bilintxek Pobrearen suertiarekin, gizartea hainbeste aldatu ez dela erakusten du. Azken batean, agure bat kanpai eske, habanera bat, iraultzaren nostalgia edota jai baten ostean topatutako poemak agertzen dira".
Hainbat musikari izan ditu Amorantek bidelagun: Felix Buff eta Hasier Oleaga bateriajoleak, Hatxeren pianoa, Xabier Zeberioren hariak, Los Sara Fontan bikoaren fantasia eta Amaia Mirandaren gitarra, besteak beste.
Amorantek Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltzean eman zuen kontzertuan aurkeztu zituen lan berriko abestiak estreinakoz jendaurrean, joan den urriaren 11n. Urriaren 13an, berriz, Hendaiako Borderline Fabrikan eman zuen zuzenekoa eta urriaren 25ean Donostiako Victoria Eugenia Clubean egongo da Amorante zuzenean ikusteko modua, 19:30etik aurrera.
'Harri, herri, har' diskoko abestiak badok.eus web orrian entzun daitezke.
Honatx lan berriko 'Habanera' abestiaren bideoklipa.