Eta dei horrekin bat egin du Elgoibarko Euskarak 365 Egun taldeak. Hala, elkarretaratzea antolatu dute Elgoibarren urriaren 26rako. Kalegoen plazan egingo dute elkarretaratzea, 19:00etan, eta parte hartzera deitu dituzte elgoibartar eta mendaroar guztiak. Era berean, aurreratu dute azaroaren 4an Bilbora joateko autobus zerbitzua ere antolatuko dutela, Elgoibartik zein Mendarotik, Mendaroko In Leike kultur elkartearen lankidetzarekin.
Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat da euskalgintzak azaroaren 4an Bilbon egingo den manifestaziorako aukeratu duen leloa eta "euskaltzaletasunarekin, edota elkarbizitza justu eta demokratiko batekin" engaiatuta dauden eragile guztiak deitu ditu oldarraldi judizialari erantzutera. Eta hala egingo dute Elgoibarren urriaren 26an. Elgoibarko Euskarak 365 Egun taldeak antolatu du ekitaldia, 19:00etarako, eta Elgoibarko eta Mendaroko alkateek ziurtatu dute bertan izango direla. Baita UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko ordezkariek ere. Bilbon azaroaren 4an egingo den manifestazioaren atarikoa izan nahi du ekitaldiak. Bilbokoa azken urteotan euskararen alde egin den manifestaziorik jendetsuena izango dela aurreikusi dute antolatzaileek eta Elgoibartik eta Mendarotik autobusak jarriko dituzte hara joateko, 10 euroan. Elgoibarren, Jai Alai tabernan eta Elgoibarko Izarraren bulegoan (Aita Agirre, 3) eman ahalko da izena, eta Mendaron, Morroskillo dendan. Internetez, berriz, elgoibarkoizarra.eus webgunean.
- ERREPORTAJEA: Gai honen inguruko erreportajea argitaratu du BARREN aldizkariak 1302. zenbakian -PDF-