Hainbat elgoibartarrek hartu dute parte Hiru Handiak mendi lasterketan

Barren.eus 2023ko urr. 24a, 09:43

Gorbea, Anboto eta Aizkorriko tontorrak igarotzen dituen 101 kilometroko distantzia luzeko mendi lasterketa entzutetsua da Hiru Handiak.

Lasterketa luzea izateaz gainera 10.000 metro baino gehiagoko desnibela gainditu behar dutela da parte hartzaileentzako zailtasun nagusia, eta gainera  24 orduko muga dute 101 kilometroko ibilbidea osatzeko. Murgiako irteera lerrotik 1.000 mendi lasterkari abiatu ziren urriaren 14an, eta Julen Martinez de Estibariz gasteiztarra izan zen Araian zegoen helmugara iristen azkarrena. 10 ordu, 44 minutu eta 48 segundo behar izan zituen 101 kilometroak egiteko. Emakumezkoetan, Ane Zabala arrasatearra izan zen onena (14.30.02), eta garaipena eskuratu zuen lehiatzen zen estreinako ultra edo lasterketa luzean.


Sailkapenak
Gizonezkoak
1.- Julen Martinez de Estibariz 10.44.48
2.- Alvaro Ramos 10.56.23
3.- Carlos Jimenez 11.10.13

Emakumezkoak
1.- Ane Zabala 14.30.02
2.- Aida Delgado 15.02.17
3.- Xari Adrian 15.07.39

 • Elgoibartarren emaitzak eta bizipenak
Zazpi elgoibartarrek ere hartu zuten parte, eta horietako seik lortu zuten proba bukatzea. Emakumezkoetan Ainhoa Lendinezek eta Laura Rodriguezek lortu zituzten postuak nabarmendu behar dira, 11. eta 14. postuetan sailkatu baitziren.

Horren proba luzean hamaika emozio eta sentsazio bizitzeko aukera izan dutela nabarmendu dute sare sozialetan zabaldu dituzten mezuetan. Proba honetan estreinakoz lehiatu den Iratxe Osorok esaterako, honela azaldu ditu bizitako sentsazioak: "amorrua, etsipena, indarra, ahultasuna, hotza, izerdia, bakardadea, lasaitasuna, tristura, poza, mina, poztasuna, elkartasuna eta abar luze bat". Ainhoa Lendinezek eskarmentu handiagoa du mendi lasterketetan eta baita proba honetan ere, bosgarrengoz hartu baitu parte. Aurten bere buruari jarritako erronka gauzatzeko ilusioa zuela esan du, "Aizkorri zeharkatzen duten Euskal Herriko hiru lasterketa maiteenak amaitzen saiatzea", hau da, Zegama Aizkorri maratoia, Ehunmilak ultratraila eta Hiru Handiak lasterketak bukatzea. "Zegamakoa ez zen posible izan eta Hiru Handietan parte hartzearena apostu batetik sortu zen. Un 'no hay cojones' vasco", esan du. Proba hau horren gogorra zenik ez zuela akorduan ere aitortu du, "Hiru Haundiak inoiz baino handiago ikusi ditut, bizitza bezain ederra, bizitza bezain gogorra". Urbia-Aizkorrin etxean sentitu da, "pagadiak, Urbiako larreak eta tontorra. Malkoak atera zaizkit. Aizkorrik ematen didan indarra".
Laura Rodriguezentzat denboraldiko azken lasterketa izan da honakoa. Sasoi honetan mendi lasterketa ugari jokatu ditu, emozio ugari bizi, eta pozik da bere buruari jarritako helburuak bete dituelako. Orain atseden hartu eta indarberritzeko gogoz dago.

Hona antxitxikari elgoibartarren emaitzak:

11. Ainhoa Lendinez Garate (16:39:54)
14. Laura Rodriguez Rodriguez (16:52:18)
82. Iratxe Osoro Vitores (23:29:53)

305. Julen Cid Alcibar (19:04:08)
306. Mikel Elustondo Lejardi (19:04:14)
582. Josu Arriola Etxeberria (23:56:19)

2023 10 23 hiruhandiak julencid mikelelustondo

2023 10 23 igerilekua elgoibar laura nagoe julen

2023 10 20 hiru handiak laura rodruiguez

2023 10 25 hiru handiak laura rdz helmugan

2023 10 23 hiruhandiak iratxeosoro ik

2023 10 20 hiru handiak iratxe osoro helmugan 1

2023 10 20 hiruhandiak loramen haizeerrotak

2023 10 20 hiruhandiak loramen 1 b

2023 10 23 hiruhandiak julencid mapa