Euskadi Fundazioak emakumezkoen ziklismoan egindako apustua da Laboral Kutxa taldea, 2019an sortua. 2021ean UCI Kontinental mailara igo zen taldea eta aurten 25. postuan amaitu dute denboraldia, aurreko urteko 50. postua nabarmen hobetuz. Emaitza on hori baliatu nahi dute orain maila nagusira azken jauzia egiteko, eta eskatu dute jada World Tour lizentzia.
Denboraldi berrirako prestatzen ari da Laboral Kutxa, eta taldeko hamazazpi txirrindulariek Elgoibarren egingo dute prestaketa saioa asteon, gaurtik urriaren 27ra bitartean. Elgoibarren daude taldeak egin dituen zazpi fitxaketak ere, tartean Ane Santesteban eta Lourdes Oyarbide, biak ala biak erreferenteak euskal txirrindularitzan. Denboraldi berriari begira talde gisa kohesionatu eta indartzeko erabiliko dute Elgoibarren egingo duten egonaldia, lehendik dauden txirrindulariak eta etorri berriak elkar ezagutzeko eta talde dinamiketan eragiteko, urtean zehar aukera gutxi izaten baitute denak elkarrekin egoteko, atzerritak baitira hainbat taldekide; sei dira euskal txirrindulariak.
• Udalaren ongi-etorri ekitaldia
Txirrindularien egonaldia probestuz, txirrindularitzarekin lotutako hainbat jarduera antolatu ditu Elgoibarko Udalak. Hasteko, Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak eta hainbat zinegotzik ongietorria eman diete txirrindulariei eta taldeko arduradunei gaur arratsaldean. "Hunkituta gaude 2024 zirraragarri baten oinarriak ezarriko dituen ekitaldi honen anfitrioiak garelako. Ekitaldi hau kirol-kontzentrazio batetik harago doa; pasioak, dedikazioak eta talde-espirituak bat egiten duten espazioa da, txirrindularitzan bikaintasuna sortzeko", nabarmendu du alkateak txirrindulariei udaletxeko pleno aretoan egin dieten harrera ofizialean. Udaletxean eginiko ekitaldian nabarmendu dutenez, garrantzi handiko unea da hau emakumezkoen txirrindularitzarentzat. Taldeko managerra den Aitor Galdos txirrindulari ohiak eta taldeko kirol arduraduna den Ion Lazkanok (Mendaro, 1988) ere hartu dute parte harreran. Horiekin batera, taldeko aholkularia den Joane Somarriba (Gernika, 1972) ere izan da, besteak beste, bi Giro, hiru Tour eta erlojupeko Munduko Txapelketa bat (2003) irabazi eta Atenaseko 2004ko Olinpiar Jokoetan parte hartutakoa den txirrindulari profesional ohia. Elgoibarko Udalak txapel bat oparitu dio bere kirol ibilbideari aitortza egiteko. Era berean, Somarribak taldeko mailota oparitu dio alkateari, umeentzako neurrikoa.
Udaletxetik irten direnean zain zituzten arkupeetan Elgobarko Lagun Taldea Eskolako txirrindulariak, eta bizikleten gurpilekin osatu dieten pasilotik igaro dira Laboral Kutxako txirrindulariak eta gainerako ordezkariak.
Laboral Kutxa taldeak Elgoibarren egingo duen egonaldirako prestatu dituzten jarduera-programa honakoa da:
- Harrera Elgoibarko Udalean: tokiko agintariek harrera ofiziala egin diote taldeari.
- Txirrindularitza ginkana egin dute Kalegoen Plazan, Elgoibarko Lagun Taldea txirrindulari eskolakoek antolatuta.
- Elgoibarko Ikastolara eta Herri Ikastolara bisitak. Txirrindulariek ikastetxeetara bisita egingo dute barikuan, urriak 27.
- Babesle nagusiak bisitatzea: taldearen arrakasta ahalbidetzen duten bazkideei aitorpena.
- Bilerak laguntzaile teknikoekin: "bilera estrategikoak" egingo dituzte denboraldi berriari begira "neurri garrantzitsuak adosteko".
- Talde-hitzaldiak eta banakakoak: motibazio-saioak eta taldearentzako garapen pertsonala.
- Bizikidetza-jarduerak: erlaxazio-uneak eta talde-kohesioa indartzeko uneak.
Laboral Kutxa taldeko txirrindularien zerrenda:
- Naia Amondarain
- Yurani Blanco
- Idoia Eraso
- Jessenia Meneses (fitxaketa)
- Usoa Ostolaza
- Lourdes Oyarbide (fitxaketa)
- Nadia Quagliotto
- Marta Romeu
- Ane Santesteban (fitxaketa)
- Aileen Schweikart
- Debora Silvestri
- Catalina Soto (fitxaketa)
- Alba Teruel
- Laura Tomasi (fitxaketa)
- Cristina Tonetti (fitxaketa)
- Eneritz Vadillo
- Eri Yonamine (fitxaketa)