Langile publiko guztiak zeuden deituta: Eusko Jaurlaritzakoak, aldundietakoak, udaletakoak eta Espainiako Estatukoak, 152.000 guztira, eta haietatik milaka batzuek babestu dute ELA, LAB, CCOO, Steilas, SATSE eta ESKren mobilizazioa. Erantzunari dagokionez, halakoetan ohi denez, sindikatuek emandako kopuruek eta Jaurlaritzarenek ez dute bat egin. Sindikatuen arabera, «oso zabala» izan da, eta Jaurlaritzaren arabera, «apala».
Elgoibarren eta Mendaron gutxieneko zerbitzuak bermatu zituzten osasungintzan. Elgoibarko Udalean lau langilek egin zuten greba, eta Mendaron, aldiz, gehiengoak. Ikastetxeei dagokienez, martitzenean jarraipen txikiagoa izan zuen grebak, eta eguaztenean, aldiz, irakasle gehiago batu ziren deialdira. IMHn esaterako eguaztenean 15 irakaslek egin zuten greba (langileen %24), institutuan %30eko segimendua izan zuen grebak eta Mekan, datu zehatzik eman ez duten arren, asteartean gutxi batzuk egin zuten greba eta asteazkenean erantzun zabalagoa izan zuen deialdiak. Herri Eskolan ere tendentzia berbera errepikatu zen, eta eguaztenekoak izan zuen indar handiagoa, langileen %34,5ek egin baitzuen greba. Zentro guztietan bermatu zituzten gutxieneko zerbitzuak, eta ahalik eta eskola gehien eman zituzten. Mendaroko ikastolan ezin izan zituzten eskolak normaltasunez aurrera eraman, baina gutxieneko zerbitzuak bermatu zituzten.