Elgoibarren egin duten egonaldia probestuz, taldeko hiru lagunekin berba egin du BARRENek taldearen ibilbideaz eta dituzten asmoez: Ion Lazkano (Mendaro, 1988) kirol zuzendariarekin, aurten Giroan hamargarren eta Tourrean zortzigarren egin duen Ane Santiesteban (Errenteria, 1990) fitxaketa berriarekin eta taldeko aholkularia den Joane Somarriba (Gernika-Lumo, 1972) txirrindulari profesional ohiarekin, emakumezkoen txirrindularitzako zirkuitoetan nabarmendu zen lehen euskal txirrindularia. Ondorengo bideoan jaso ditgu hiruren adierazpenak:
Etxetik datorkio bizikletarako zaletasuna Ion Lazkano Iriondo mendaroarrari. Anaiaren arrastoari jarraika, txirrindulari izan zen gaztetan eta IVEF ikasketak egin zituen gero. Unibertsitateko praktikak Euskadi Fundazioan egin zituen eta geroztik poliki-poliki joan da bidea egiten txirrindularitza munduan, harik etaduela hiru bat urte Laboral Kutxako proiektuan sartu zen arte. Afizionatuen mailako gizonezkoen taldearen eta UCIren Kontinental mailara igo berri zen emakumezkoen taldearen ardura hartu zuen. Bi ardurak uztartzea zaila, baina, eta emakumeekin zentratuta dabil azkenaldian. Laboral Kutxako kirol arduraduna da, eta World Tourrera, gorengo mailara, igotzeko eskaera egina du taldeak.
• Harrera egin dizuete Elgoibarko udaletxean. Halakoak ere nahikoa gauza berri dira emakumezkoen kirolean.
Bai, polita izan da, eta eskerrak eman behar dizkiet horregatik Elgoibarko Udalari eta Elgoibarko Lagun Taldeko arduradun eta txirrindulari gaztetxoei.
• Hiru urte egin dituzue Kontinental mailan etagauzak asko aldatu dira taldea hartu zenuenetik.Zein izan da aldaketa handiena?
Emakumezkoen taldea hartu nuenean, taldean ez zegoen profesionaletara igotzeko gaur daukagun anbizio hori. Zaletasunez aritzen ziren taldeko guztiak, bakar batentzat ez zen hau bizibide eta esango nuke aukerarik ere ez zutela ikusten kiroletik bizitzeko. Emakumezkoen txirrindularitzak, baina, indar handia hartu du munduan, eta taldeak egindako lanari eta Laboral Kutxaren konpromisoari esker iritsi gara gauden lekuraino.
• Ikaragarria da taldeak egin duen bidea, izan duen gorakada. World Tourrera igotzeko lizentzia ere eskatua duzue. Zer aurreikusten duzue?
World Tourrera igotzeko lizentzia eskatu dugu, baina UCIk dauka azken hitza. Zaila daukagu, baina guk sinistuta egin dugu apustua. Hamabost lizentzia daude World Tourren eta hamasei taldek eskatu dugu. Gerta daiteke UCIk hamaseirak onartzea lizentzia bat gehiago aterata, egin izan duelako aurrez, baina ez da ohikoena. Lizentzia eskuratzeko baldintza asko bete behar izaten dituzte taldeek: azpiegitura-, diru-, administrazio-, organigrama- eta kirol- kontuak, eta azken horrek kastigatzen gaitu gehien. Azken bi urteetako emaitzak hartzen ditu kontuan UCIk, eta gu gara lizentzia eskatu duten guztien artean puntu gutxien bildu dugunak. Beraz, baldintza berdinetan, guk daukagu zailen.
ELKARRIZKETA osorik BARREN aldizkariko 1303. zenbakian -PDF-