Taldeka banatuta argitu behar zuten misterioa: nork lapurtu zituen Gaba Beltzerako kalabazak? Mozorrotuta agertzeko eskatu zieten antolatzaileek eta halaxe agertu ziren ume gehienak. Ikertzaile lanak egin behar zituzten umeek eta hainbat pertsonairen rolak bete zituzten hezitzaileei galderak egin behar zizkieten, lapurra zein zen argitzeko. Lortutako pistei tiraka herriko hainbat txokotatik pasa ziren, eta misterioa argitu ostean Aita Agirre Kulturgunean batu ziren elkarrekin afaltzeko eta misterioa argitu izana ospatzeko.
Atxutxiamaikak eta Udal Ludotekak antolatu dute Kluedo jolasa elkarlanean, udalaren babesarekin, Aldenik Alden programaren barruan.