Hiru mailatan banatu dute lehiaketa, eta egin beharreko lanak ere ezberdinak izango dira. Lehenengo mailakoek, Lehen Hezkuntzako lehenengo mailatik laura artekoei, ipuin bat emango diete eta harentzako irudi bat sortu beharko dute. Ipuinaren kopiak udaletxean, ludotekan eta liburutegian jarriko dituzte eskuragai eta A4 tamainako orrian egin beharko dute marrazkia parte-hartzaileek, edozein teknika erabilita. Lehen Hezkuntzako bosgarren mailakoetatik hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren mailara artekoak hartuko dituzte B mailan, eta horiek alderantzizko lana egin beharko dute: ilustrazio batetik abiatuta ipuina sortu. Ilustrazioaren kopiak udaletxean, ludotekan, gaztelekuan edota liburutegian jaso ahal izango dituzte. C maila, DBH3 eta DBH4ko ikasleek osatuko dute eta horiek komiki bat osatu beharko dute. Irudia emango zaie, baina elkarrizketak sortu beharko dituzte. Horretarako behar duten ilustrazioa udaletxean, liburutegian eta gaztelekuan jasoko dute. Testu guztiak euskaraz sortu beharko dira.
Lan guztiak abenduaren 3rako aurkeztu beharko dira beranduenez. Hiru bide eman dituzte horretarako: udaletxean entregatzea, posta arruntez udaletxera bidaltzea (Mendaroko Udala, Herriko Enparantza, 1. Mendaro 20850), edota posta elektronikoz kultura@mendaro.eus helbidera idatzita. Izen-abizenak, ikastetxearen izena, maila eta telefonoa zehaztu beharko dira lanak entregatzeko orduan.