Merkataritzan eta ostalaritzan euskaraz berba egiteko guneak identifikatzeko eta euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin jarri dute abian euskaraz barra-barra marka bateratua Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak. Markaren zabalkundean laguntzen ari dira Elgoibarko Udala eta Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunea, eta zeregin horretan bidelagun dituzte Aizu! eta Txankakua ostalarien eta merkatarien elkarteak ere.
• Ehun parte-hartzaile, hogei saiotan
Kanpainaren barruan, kontsumitzailea erdigunean jarri eta estres linguistikoa murrizteko helburuarekin antolatu dute '17. logela' izeneko ihes-gela ibiltaria, zeina barikuan ailegatu zen Elgoibarrera. Kalebarren plazan dago ihes gela hartzen duen kamioia, eta hiru egun emango ditu gurean. Kamioiak geldialdia egiten duen herri bakoitzean hogei txanda eskaintzen dituzte eta horietako bakoitzean, gehienez, bost parte-hartzaile arituko dira, "esperientzia ezin hobea bermatzeko". Saio bakoitzak 40 minutu inguruko iraupena du, hau da, parte-hartzaileek denbora horretan ebatzi beharko dute planteatutako arazoa. Ihes-gelak intrigazko istorio bat aurkeztuko die bisitariei. Thotel izeneko luxuzko hotel kateak ehun urte daramatza euskal herritarrik ezagunenen loa zaintzen mundu osoan zehar. Urteurren borobil horretan, ibiltari bilakatu da, herritar guztiei bere izaretan lo egiteko pribilegioa eskaintzeko. Parte hartzeko aurrez eman behar zen izena, eta txanda guztiak agortu zirenez ehun lagunek izango dute Elgoibarren ihes gelaren esperientzia bizitzeko aukera.
Donostia, Elizondo, Laudio, Bermeo, Balmaseda, Errenteria–Orereta, Gasteiz, Andoain, Zumarraga-Urretxu, Portugalete, Zornotza eta Mungian ere egingo du geldialdia '17. logela' ihes gela ibiltariak.
∞Lotura duten albisteak: