Euskalgintzaren Kontseiluak deituta dozenaka mila lagun -70.000 bat- elkartu ziren atzo Bilbon euskaren normalizazioaren kontra epaitegietatik etorri diren epaiak salatzeko. Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat lelopean egin zen manifestazioa, eta euskararen alde aspaldian egin den mobilizaziorik handiena izan zen. Herri askotatik autobus zerbitzua jarri zuten eta San Mamesen aparkatu zituzten batetik eta bestetik joandako autobusak; 68 guztira.
15:00etan puntuan abiatu zen lehenengo autobusa Mendarotik eta Txankakuako zubian zain zuten bigarrena. Biak bete eta abiatu ziren Bilborantz, San Mameserantz, han zituztelako aparkatzekoak autobusak, eta handik metro gutxira, Euskalduna jauregi parean, hastekoa zelako manifestazioa, 17:00etan. Mendarotik abiatutako autobusean, Elgoibarren egin zen elkarretaratzerako Eneritz Azkuek, Jone Olaizolak eta Irati Agirreazaldegik sortutako bertsoak ere kantatu zituzten manifestariek, eta Bilbora iristen aurrenekoetako autobusak izan ziren gure bi herrietatik joandakoak.
Manifestazioa 17:00ak pasatxoak hasi zuten. Jesusen Bihotza inguruan elkartu ziren batetik eta bestetik joandako txistulari eta danbolin-joleak. Emozio handia, eta euskararen eta hizkuntza eskubideen aldeko aldarria entzun eta sentitu zitekeen irteeran, bai eta ibilbide osoan ere. Egun da Santi Mamiña doinuak entzun ziren martxaren hasieran, bai eta txalo hotsak ere manifestazio burua abiatzeko prest zen unean. Pankarta Kontseiluko zuzendaritzakide eta bazkide diren erakundeetako ordezkariek eraman zuten: Ana Urkizak (Eusko Ikaskuntzako lehendakaria), Patxi Uribarrenek (Karmeldarra eta Euskaltzaina), Leire Solozabalek (ARTEZeko ordezkaria), Intza Gurrutxagak (EHEko bozeramailea), Aize Otañok (AEK-ko Gipuzkoako koordinatzailea), Amagoia Mujikak (Berria egunkariko zuzendaria), Idurre Eskisabelek (Kontseiluko idazkari nagusia), Joxerra Olanok (IKAko ordezkaria), Irati Iciarrek (Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria), Elorri Arinek (Euskal Konfederazioko ordezkaria) eta Martin Aramendik (UEMAko lehendakaria), eta haien atzetik, mobilizazioari atxikimendua agertu zioten alderdi eta eragileetako ordezkariak abiatu ziren, eta ondoren, jendetza; jendetza handia. Hala, manifestazio burua udaletxe pareraino iritsi zenean, 18:20ak aldera, jendea zegoen artean ibilbideko zati luzean, Moyua pareraino ere iritsi ezinda.
Ekitaldia, Ruper Ordorikaren emanaldiarekin hasi zuten. Zaindu maite duzun hori kantatu zuen Ordorikak eta Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak hartu zuen ondoren hitza. Azkenaldian izan diren epaiei erreferentzia eginez, Eskisabelek esan zuen ustez gaindituak genituen kontuak "indar eta aldaera berriz" sortzen ari zaizkigula azkenaldian eta horrek kezka areagotu egin duela: "Larritasunaren zenbatekoa azaltzeko hitzik gabe gelditzen ari gara". Euskararen normalizazioa oztopatzea milaka herritarren hizkuntza eskubideak oztopatzea dela azpimarratu zuen Eskisabelek, eta euskara berdintasunarekin eta aniztasunarekin lotzeko eskatu zuen. Hala, euskararen alde egindako urrats bakoitza justizia sozialemoduko itun politiko eta sozialaren beharra dagoela azpimarratu zuen. kitaldia sokadantzarekin amaitu zuten.