Eguneroko bizitzan sormenak duen eraginaz hitzaldia emango du Virginia Imazek

Barren.eus 2023ko aza. 6a, 15:41

Haizea Emakume Taldeak hitzaldia antolatu du martitzen honetarako, azaroaren 7rako. Virginia Imaz izango da hizlaria, eta eguneroko bizitzan sormenak duen eraginaz jardungo da.

Virginia Imaz Quijera (1962, Donostia) clown bezala egon izan da aurretik Elgoibarren, baina oraingoan hizlari moduan etorriko da. 18:00etan izango da, doan, Lila emakumeen etxean.

Imaz aktorea, pailazoa, ahozko kontalaria, clownklusionista, gidoilaria edo agertokiko zuzendaria izateaz gainera, trebatzaileen trebatzailea da. Oihulari Klown antzerki taldearen zuzendari artistikoa eta sortzailea ere bada, Jose Carmelo Muñoz Conderekin batera. Ia hiru urtez egin zuen lan Cirque du Soleil-en 'La Nouba' ikuskizunean. Umorearen esparruan egin duen lanak begirada barneratzailea eskaintzea izaten du beti helburu, eta Berdintasunerako Emakunde Saria jaso zuen 2017an, arte eszenikoetan aukera-berdintasunaren alde egindako ibilbide luzeagatik.