Sinodo erako elizaren inguruko bi hitzaldi antolatu ditu San Bartolome parrokiak eguaztenerako

Barren.eus 2023ko aza. 7a, 14:25

San Bartolome parrokiatik jakinarazi dutenez, Gotzainen Sinodoaren Ohiko Batzar Nagusiaren batzarra egin berri dute Erroman, eta eliz gertaera horrek duen garrantzia kontuan hartuta, gaia lantzeko bi hizlari gonbidatu ditu San Bartolome parrokiak, bi emakume erligioso.

Frantzisko I.a aita santua 2021ean abiatutako lanketa bat da Sinodo erako elizarena, elizaren inguruko pertsonek eta laikoek “elkarrekin” eta “anaitasunez” lan egin dezaten. San Bartolome parrokiak Sinodo erako elizaren aldeko solasaldiak antolatu ditu azaroaren 8rako, eta bi hizlari ekarriko dituzte gaiaren gainean berba egitera. Batetik, Maria Jose Moreno, helduen kristau sarbiderako gure elizbarrutiko gotzain ordezkaria; eta, bestetik, Maria Jesus Amundarain, hainbat urtean elizbarrutiko Irakurketa Fededuneko taldeen koordinatzailea izan dena.

Parrokiako lokalen aretoan (Trenbide kalean dago sarrera) izango dira solasaldiak, 17:30ean.

Gotzainen Sinodoa 1965ean sortu zuten, Aita Santuari Eliza katolikoa gidatzen laguntzeko. Batzar orokorretan biltzen da sinodoa urte gutxian behin, eta Eliza katolikoaren kezkez eta eraldaketez eztabaidatzeko ardura du. Horietan, aita santuek Erromara deitu ohi dituzte mundu osoko gotzainak. Bileren amaieran, gotzainek proposamen zehatzak bozkatu eta aita santuari aurkezten dizkiote, eta honek, proposamen horietan oinarrituta, dokumentu bat egiten du. Orain arte egin dituzten Gotzainmen Sinodoetan, emakumeak behatzaileak baizik ez ziren; baina urrian egin zuten 16. Gotzainen Sinodoaren batzarrean, ordea, bozka eskubidea izan dute. Hala, estreinakoz, aita santuak emakumeei erabaki ahalmena eman die mundu osoko gotzainak biltzen dituen biltzarrean. Eliza katolikoaren historian aurrekaririk ez duen erabakia da. Gainera, aita santuak erabaki du auditoreak batzarretik ateratzea eta, horien ordez, gotzainak ez diren eta fededunak ordezkatzen dituzten 70 pertsona aukeratzea. Postu horietarako, apaizak, kontsakratutako pertsonak, diakonoak, fededun laikoak eta tokiko elizetatik datozenak hautatu dituzte. Edonola ere, zehaztu behar da Aita Santuak duela azken hitza, eta gainerakoen iritziak entzun ostean osatzen du testu propioa.