Edukiontzi marroira bota daitezkeen hondakinen inguruko informazioa ematen dihardute

Barren.eus 2023ko aza. 7a, 16:08

Debabarrena Mankomunitateko hezitzaileak biohondakinen edukiontzian laga daitezkeen hondakinen inguruko informazioa ematen dabiltza egunotan, aurrez aurre, Elgoibarko kaleetan.

Azaroaren 6tik 10era Elgoibarren eta azaroaren 13tik 17ra Ermuan izango dira Mankomunitateko ingurumen hezitzaileak, hondakin organikoen edukiontzien alboan, edukiontzi marroira bota daitezkeen hondakinen inguruko informazioa herritarrei ematen. Mankomunitatetik zehaztu dutenez, oraingoz, bi udalerri hauetan soilik egongo dira hezitzaileak, biztanleko biohondakin gutxien sailkatzen dutenak baitira eskualdean. Ekimen honen helburua biohondakin organikoen bilketa hobetzea dela azaldu dute.

Debabarreneko Mankonunitateak kezka erakutsi zuen duela aste batzuk, gaika bildutako biohondakinen kopuruak behera egin duelako. Datuen arabera, azken urtean % 7,5 murriztu da bereizita bildutako hondakin biodegradagarrien kopurua, 2022an biztanleko 66 kilo izatetik 2023an 61 kilo izatera igaro baita.

Azken hiru hilabeteetako datuek, baina, alarma guztiak piztu dituzte Mankomunitatean. Izan ere, bereizita bildutako hondakinen kopurua nabarmen jaisten ari dela identifikatu dute, oro har birzikla daitezkeen zatiki guztietan, baina bereziki biohondakinetan. Azken datuen arabera, gaur egun behar bezala msailkatutako 735 tona hondakin gutxiago biltzen dira duela urtebete baino, eta beherakada horretatik 323 tona biohondakinak dira. Horrez gain, hondakin organikoen kalitatea ere jaisten ari dela azaldu zuten, eta astero ehunka poltsa desegoki ateratzen dituztela edukiontzi marroietatik, behar ez bezala beteta daudelako. Egoera larri horren aurrean, Mankomunitateak neurriak hartuko dituela aurreratu zuten. 

2023 11 07 Hezitzaileak informazioa debabarrena manko elgoibar