Oñatiko zortzi gaztek eta arrasatear batek sortu zuten Xup antzerki taldea, eta beren bigarren lana da Beita. Beren aurreneko lanean, Kontraizanak izenekoan, gazteen kezkak eraman zituzten oholtzara, eta Beitan berriz, sexu eraso bat da gaia. Kuadrillako parranda batean kide batek beste bati eraso egiten dio, baina ez da ikusten nork. Eta erasoa jasan duenaren lagunik onena, Eki, gertatutakoa ikertzen saiatzen da, erasotzailea nor izan den argitzeko. Thriller eran kontatu dute istorioa. Egiaren bila ari dela, hainbat sekreturen berri izango du Ekik, gainerako kideek eraso baten aurrean hartzen duten jarrera ere erakutsiko dute. Jokamolde horiek plazaratu eta salatzeko helburuz sortutako lana da Beita: "Gure proiektua berezia dela esango genuke, sexu eraso baten aurrean ingurukoek bereganatzen dituzten jarrerak azaleratzen baititugu, askotan lantzen ez den ikuspuntua. Ezagutzen eta guk geuk bizitzen ditugun arazo, pentsaera, gatazka zein harremanak lantzen ditugu eta, garrantzitsua iruditzen zaigu gai guzti horiek ere gazteok jorratuak izatea".