2022ko udaberrian egin zuen bidaia, bizikletaz. Islandia zeharkatzen duen Ring Road errepidea ez da ingurune horretara iristen, eta ondorioz, ez da turistarik iristen hara. Ingurune natural eta basatia da, eta are gehiago udaberrian. Eguaztenean eman zuen bidaia horren berri Kultur Etxean Mariezkurrenak. Bigarren saioa datorren astean izango da, azaroaren 15ean. Julio Villar eta Ibon Gaztañazpi kazetaria etorriko dira, Villarrek mendian eta itsasoan bizitakoak azaltzera.
• Islandiako Westfjords eskualdera egindako bidaia izan duzu hizpide Morkaikoren mendi emanaldien barruan. Zer dela eta aukeratu zenuen helmuga hori?
Islandiarrek beraien herrialdean beraientzat gorde duten altxorra da Westfjords eskualdea. Islandiak turista pila bat jasotzen ditu urtero, baina herrialdearen ipar mendebaldean dagoen eskualde hau, momentuz, turista uholde horretatik libre dago. Islandiara bidaiatzeko modurik ohikoena furgonetaz edo autokarabanaz izaten da, baina ibilgailu horiek alokatzen dituzten enpresek debekatu egiten dute asfaltatu gabeko errepideetan ibiltzea, eta Westfjords eskualdean errepideen erdia baino gutxiago daude asfaltatuta. Islandia zeharkatzen duen Ring Road errepide nagusia ez da hara iristen, eta horrek turista asko uxatzen ditu. Askorentzat Europako azken bazter basatia da, eta islandiar askok udako oporrez gozatzen duten lekua.
• Nola prestatu zenuen bidaia?
Bikepacking.com webgunearen bidez izan nuen bidaia honen berri. Webgune horretan jasotzen dira munduan zehar bizikletaz egin daitezkeen ibilbideak, eta Chris Birkard izeneko tipo batek zeukan bidaia hau publikatuta. Berak 2021eko udan egin zuen bidaia, eta udan eskualde horretan badira kanping eta ostatu batzuk lotarako eta jateko aukera eskaintzen dutenak. Hortaz, tipo hark egin zuen bidaia lotarako eta jateko beharrezkoa zen guztia gainean eraman beharrik izan gabe, eta klima ere hobea izan zuen. Nik, aldiz, udaberrian egin nuen, baina klima negukoa zen oraindik, eta ez nuen inolako azpiegiturarik aurkitu zabalik. Autosufizientzia eran joan nintzen, behar nuen guztia gainean eramanda. Bidaia hura izan zen oinarria, baina nire erara moldatu nuen. Hiru aste pasatxo egin nituen han, eta 1.200 kilometrotik gora egin nituen bizikletaz. Ez naiz txirrindularia, ez nauzu hemengo mendateetan gora eta behera ikusiko bizikletaz; ez zait gustatzen trafiko handia dagoen lekuetan bizikletaz ibiltzea, baina bai, iruditzen zait bizikleta dela bidaiatzeko modurik onena. Bizikletak zabaltzen ditu ate eta bihotz pila bat, zoazen lekura zoazela. Ez da gauza bera urruneko herrixka batera motoz, ondo jantzita eta zarata eginez iristea, edo iristea bizikletaz, nekatuta eta normalean zikin. Jendeak berehala enpatizatzen du modu horretan ikusten dituen bidaiariekin. Gustatzen zait ezagutzen dudan horretatik aldentzea, eta bizikleta da modu bat zoazen leku hori zure azalean esperimentatzeko. Islandiako esperientzia aspektu horretatik desberdina izan da, aukeratu nuen datagatik ez zebilelako inor ingurune hartan. Ikusten nituen apurrek esaten zidaten goizegi joan nintzela. Bidaia bakartia izan zen, barrura begirakoa eta banekienez horrela izango zela, horretarako prestatu nintzen.
• Bizikletaz eta bakarrik joan zinen. Abenturazalea eta ausarta izan zinen.
Bizikleta bidaiekin engantxatuta nago, asko gustatzen zaizkit, oso libre sentitzen naizelako. Bizikletaz eta autosufizientzia eran bidaiatzean aktibatzen dira eguneroko bizitzan lo izaten ditugun mekanismoak, eta horri esker ahaztu egiten ditut hemengo kaka asko. Aitortzen dut, dena den, bidaia mota hau egiteko inkontzientzia puntu bat beharrezkoa dela. Hasiz gero arriskuak banan-banan analizatzen, ez zoaz. Niretzako ariketa oso liberatzailea izan da bidaia hau egitea. Joan aurretik dokumentazio lan handia egin nuen, asko irakurri nuen, eta nire burua leku hartan proiektatu nuen, suertatu zitezkeen arazoei aurre hartzeko.
• Topatu al zenuen espero zenuena?
Natura basatia eta bakardadeaz gozatzeko pribilegioa topatu nituen. Horri buruz ere hausnartu dut azkenaldian, gero eta zailagoa delako nonbaitera joan eta inor ez aurkitzea. Pandemia ostean, jendea dabil toki guztietan, eta banekien bidaia honetan hori izango nuela. Pasatu nuen hotza eta bidaiaren gogortasuna izan zen pribilegio horren bidesaria, baina zorionez ez nuen nire burua une batean ere arriskuan ikusi. Telefonoan konexio ona neukan uneoro, egunero begiratzen nuen eguraldi iragarpena, errepideen egoera, lotarako leku egokiak bilatu nituen... Han oso aldakorra da eguraldia, eta oso ingurune haizetsua da. Haizerik gabeko txokoak bilatzen nituen kanping denda jartzeko, gauez sentsazio termikoa asko jaisten zelako haizearen ondorioz. Jatekoa ezin izan nuen hilabete osokoa gainean eraman, baina banekien gasolindegiak zabalik egongo zirela. Ez daude asko, baina oso ondo identifikatuta eraman nituen, batez ere ibilbidearen amaiera aldera aurkituko nituenak. Oso ondo hartu ninduten; topatu nuen jende apurra oso jatorra izan zen. Hiriburuan ez ziren oso adeitsuak izan, turistez nazkatuta daude han. Bizikletan bidaiatzera ohituta dagoenarentzat bidaia oso gomendagarria da hau, eta bizikletaz bidaiatzera animatu nahi nuke jendea. Pandemia aurretik Txinara egin nuen beste bidai bat bizikletaz, eta han 1.700 kilometrotik gora egin nituen.
• Nabarmentzeko bitxikeriaren bat?
Euskalduna nintzela esatean bi motako erreakzioak jaso nituen. Batetik, whaler esaten zidaten, baleazalea. Eta beste batzuek killer esaten zidaten, hiltzailea. Itxura denez, baleak arrantzatzera joaten zirenean, XVII. mende inguruan, sekulako liskarrak izaten zituzten euskaldunek bertakoekin, eta Westfjords-eko agintariek lege bat onartu zuten inolako zigorrik gabe euskaldunak hiltzea baimentzen zuena. Lege hori deuseztatzea ahaztu zitzaien eta 2015era arte egon zen indarrean.
• Nora izango da hurrengo abentura?
Badauzkat ideia batzuk, baina agian pixkat superstiziosoa edo izango naiz, baina ez zait gustatzen kontatzea dena lotuta izan arte. Baina eskuartean badaukat beste proiektu bat, fotokazetaritzan oinarritzen dena. Pakistani buruzko begirada soziala landu dut nire lan berrian, eta 2024an hasiko naiz lan hori zabaltzen. Lau aldiz izan naiz Pakistanen eta hainbat historia eta errealitate dokumentatu ditut. Klima aldaketarekin, urarekin, garapenarekin eta emakumearekin dute zerikusia. Indus ibaia hartu dut hari modura. Himalaian jaio eta Karachin itsasoratzen da, eta iparraldetik hegoaldera zeharkatzen du herrialdea. Euskal Herriko mendizaleek badute lotura Pakistanekin, baina herrialdeari buruz ez dakigu gauza askorik, eta zor hori kitatzeko asmoz egin dut erradiografia sozial hau.
Hona Igone Mariezkurrenak Islandiara eginiko bidaian eginiko zenbait argazki.