Greba feministara deitzeko amantalez josi nahi dute gaur Kalegoen plaza

Barren.eus 2023ko aza. 10a, 11:15

Azaroaren 30erako greba feminista orokorra deitu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak, eta Elgoibarren ere bat egin dute deialdi horrekin. Narrutsik taldearen ekimenez greba batzordea sortu dute, eta eguenetan batzen dira Kultur Etxeko sotoan.

Talde irekia da, eta interesa duen edonork hartu dezake parte. Besteak beste, azaroaren 30aren bueltako egitaraua prestatzen dihardute, eta gaur hasiko dira motorrak berotzen. 17:00etan amantalak Kalegoen plazara eramateko deia egin diete herritarrei, eta alderik alde zintzilikatuko dituzte. Azaroaren 30erako, bestalde, manifestazioa iragarri dute, baina ekintza gehiago prestatzeko asmoa daukate.

Euskal Herriko mugimendu feministak martxoaren 8an eman zuen albistea: greba feminista orokorra egingo dute azaroaren 30ean, eta Euskal Herriko kaleak hartuko dituzte. Bizitzak erdigunera ekarriko dituen zaintza eskubide kolektiboa aldarrikatu eta zaintza sistema publiko eta komunitario bat martxan jartzea eskatuko diete erakundeei. Herrietan asanbladak eta greba batzordeak martxan dira jada egun hori antolatzeko, eta Elgoibarren ere sortu dute lantaldea. Narrutsik talde feministak hartu du aurrea gai honetan, eta udaberritik aritu da lanean eskualdeko beste talde feminista batzuekin batera. Greba eguna gerturatu ahala, hainbat norbanako ere batu zaizkie taldera, eta greba batzordea sortu dute orain Elgoibarren.

Enara Castrillejo eta Nerea Gurrutxaga Narrutsik taldeko kideek eman dituzte greba feministaren inguruko azalpenak: "Zaintza jarri dute erdigunean berriz ere, zaintzak denori eragiten digulako, eta grebaren helburua da zaintza sistema eraldatzea". Mugimendu feministak adierazi du zaintza esparru osoa problematizatzea eta berrantolatzea izango dela helburua, eta zaintzak familiaren gain eta pribatizaturik egoteari utz diezaiola exijituko dute. ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde eta CGT sindikatuek babestu dute greba feminista orokorra, eta herritar guztiak daude deituta, "baita gizonezkoak ere". Narrutsikekoek argi dute gizonezkoek ere paper garrantzitsua dutela azaroaren 30eko greban, eta modu desberdinetan parte hartu dezaketela. "Mobilizazioetara joan daitezke, eta bestela, zaintza lanetan dabiltzan hainbat eta hainbat emakumeren lana egin dezakete, emakume horiek mobilizazioetan parte hartzeko aukera izan dezaten". Izan ere, zaintza ezin da une batez ere alboratu, eta hain justu ere zaintza lanetan diharduten emakumezkoek izango dute zailtasun handiena azaroaren 30ean greba egiteko: "Zaintza lanak feminizatuta daude, emakumezkoen gain jausten dira oraindik ume zein nagusien zaintza ardurak, eta askok egoera oso prekarioan egiten dute lan". Zaintza krisian dago: "Instituzioek beraien arduran hartu behar dute zaintza".